Tamalgarria baldin bada ere, zenbait kirolek betidanik izan dute harreman oso estua indarkeriagaz, eta gaur egungo egoera ere ez da salbuespen bat. Azken hilabeteetan, hainbat indarkeria erakustaldi ikusi ahal izan dira, gehienbat futbol zelaietan.
Betidanik egon izan da indarkeria kirolean kokatuta; maila berekoak izan ez arren, indarkeria dira iraina, kolpea edo mespretxua, eta duela hamarkada batzuetatik hona, kirol profesionalean ikusi zitekeen indarkeria Eskola Kirolera ekarri dute zenbaitek.
Kirolaldek (Kiroleko indarkeriaren aurkako euskal batzordeak) 2010ean egindako neurketaren arabera, Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako zelaietan 12.999 indarkeria kasu zenbatu ziren: irainak, errespetu faltak, oihu sexistak, biraoak… Nabarmentzekoa da indarkeria kasu gehienak mutilen futbolean gertatu izana. Beti esan izan da zelaian gertatzen dena zelaian geratzen dela, eta epaileak txistua joaz batera amaitzen direla aurkariekiko haserreak, baina badirudi esaera hori zelaietan egoten diren zaletu askok ez dutela barneratu.
2017ko martxoan Mallorcan (Herrialde Katalanak) haurren mailako partida batean gertatu zena da horren adierazle nagusi. Gurasoek jokalarienganako botatako irainak borrokan amaitu ziren, eta hori gutxi ez balitz, gurasoetako batek berriz ere zelai berera joan eta beragaz borroka egin zutenak jotzeko prest agertu zen Espainiako telebista kate batean egindako elkarrizketan.
Aurrera Kirol Elkarteko eta Lekeitio Futbol Taldeko jokalariak, elkarrekin Zaldupe futbol zelaian, ligako partidu baten ostean.
Argazkia: Aurrera KE
Tamalez, baliteke futbola izatea gizartearen isla, eta hori horrela izatekotan
arazo larri baten aurrean dago gizartea. “Bi ateen inguruan gertatzen den guztia egunerokoan ditugun harremanen kopia da”, adierazi du Ignacio Pato
Playground aldizkariko kazetariak.
Epaileen Espainiako Sindikatuaren arabera,
astero 50 eraso fisiko jasotzen dituzte futbol epaileek, bataz beste, Espainiar estatuan. Euren kalkuluen arabera, gurasoak dira zelaietan gertatzen diren irain, eraso eta bortizkerien %80aren erantzule.
27 urte dira Miguel Cancio soziologo galiziarrak
Sociologia de la violencia en el futbol liburua argitaratu zuenetik, baina, zoritxarrez, ezer gutxi aldatu da ordutik hona.
Goi mailako kirolaren kasuan, geroz eta erradikalagoak dira zaletuak. Canciok
Berria egunkariari egindako adierazpenetan esan zuen zaletuak ohartu direla “futbolaren bidez bizitzaren beste esparrutan nekeza zaien protagonismoa bereganatu dezaketela”. Baina hori guztia ekiditeko, prebentzioa da gakoa Eskola Kiroleko taldeetan diharduten entrenatzaileentzat. Euren ustean, indarkeria zantzurik txikiena ikustean egoera gelditzen ez bada, gero ezinezkoa da makinaria geratzea: “Neurri zorrotzak aurretiaz hartu behar dira, ez gero. Prebentzioa da gakoa, eskola eta familietatik hasita. Arriskuak daude bestela”.
Eskola kiroleko gaztetxoak, elkar agurtzen partidu baten amaieran. Argazkia: Aurrera KE
Baina
kontzientziazio horrek prozesu oso baten beharra dauka, non jokalari txikienen inguruan dauden subjektu guztiek indarkeria zantzurik txikiena ere daukaten jarrerak alboratu behar dituzten.
Ikusleen
frustrazioak, izan gurasoenak edo izan goi mailako taldeen zaletuenak, ez dira futbol zelaietan konpontzen, eta are gutxigo, indarkeriagaz.
Mundu horretan sartzen diren guztiek izan behar lukete argi
indarkeriak ez dakarrela ezer onik, baina horretaz jabetzen lehenak goi mailan dihardutenak izan beharko lirateke, beraiek baitira biharko belaunaldien eredu. Eskola Kirola eta goi mailako kirola alderagarriak ez diren arren, badaukate zerbait komunean: prebentzioa eta tolerantzia eza. Futbol talde profesional batzuk euren talde ultrak sostengatzen badituzte ere, bai sarrerak emanez edo baita kanpoko partiduetara bidaiak ordainduz, badira beste zenbait ultrak euren zelaietatik bota dituztenak.
Eskola Kirolean ere jarrera txarrak dituzten gurasoak edo zaletuak zelaietatik kanporatu eta futbola bera ez kaltetzeko,
Txartel Beltza proiektua jarri zuen martxan Bizkaiko Futbol Federakuntzak foru aldundiaren laguntzagaz.
Txartel Beltza zelaian, baina berdegunetik kanpo epaileak ikusi edo jasan ditzakeen jarrera txarrak edo irainak salatzeko metodoa da.
Azken finean, bi adibideak oso urrun egonda ere, oinarri bakar batean sostengatzen dira, indarkerian. Eta indarkeria hori saihesteko modu bakarra prebentzioa da. Galdera horiek norbere bururari egin beharko lizkioke bakoitzak edozein maila edo motatako kirol ekitaldi bat ikustera doanen: Benetan merezi al du jarrera txarrak zuritzea nire taldeak aldeko emaitza bat lortu dezan? Zentzuzkoa al da onetik ateratzea kirol ekitaldi batean? Justifikatzen al du ezerk kirolariren bat iraintzea edo mintzea norbere ustez zer edo zer gaizki egin duelako?