Ondarroako Udalak
Kamiñazpi auzoko parkea eraberritzeko herritarrekin egindako parte hartze prozesuaren ibilbidea eta emaitzak bistaratu zituzten atzo arratsaldean.
Argi utzi nahi izan zuten atzo aurkeztutakoa ez zela izan behin betiko proiektua, baizik eta parte hartze prozesuaren baitan adostasuna lortutako gaien
plangintza teknikoa. Kamiñazpiko parkeko lanak faseka egingo direla nabarmendu zuten, eta
aurrekontu jakin bat ez eduki arren, 250.000 euro inguruko kostua izango duten lanak egitea aurreikusi dutela parte hartze prozesuan. “Egiten ari ginenari neurria jartzeko ipini zen kopuru hori”, azaldu zuen parte hartze prozesuaz eta aurreproiektuaz arduratu den Ianire de Andresek: “udalak duen egoera ekonomikoa ikusita,
ezin da proiektu osoa urte bakar batean gauzatu, beraz, proiektuaren baitan zehazki egingo dena likideziaren araberakoa izango da”.
Informazio panelen bidez eman zuten parte hartze prozesuko adostasunei buruzko informazioa.
Parte hartze prozesuan, zenbait
lehentasun ezarri zituzten guraso zein umeek: lurzoruak laua izaten jarraitzea, jarlekuak eraberritzea, berdegune gehiago egotea, komunak haurrentzako ere erabilgarriak izatea, argiztapena egokitzea, erreka ingurua zaintzea, eta pasealekua ikastolaren atzeraino egokitzea eta txukuntzea. Parkean egiten diren beste ekintza batzuk ere kontuan hartu zituzten parte hartze prozesuan;
auzoko jaiak eta San Juan suak esaterako. Ekintza horiek ere behar bezala antolatu ahal izateko parke berriak baldintza jakin batzuk betetzea eskatu zuten. Gaineratu zuten ziburuak zenbat eta nolakoak izan erabakitzeko denbora badagoela; ziburu gehiago edonoiz jarri ahalko direla, eta kontuan hartuko dituztela neska-mutil txikienek egindako ekarpenak. Azken batean, Kamiñazpiko parkeak daukan itxura zurrun eta zaharkituari, itxura berritzaile eta gaur egungoago bat eman nahi diote, etorkizuneko beharrizanetara egokituz.
Proiektua behin betiko diseinatzeko, hainbat aldagai hartu beharko dituzte kontuan: udalak emandako aurrekontu zehatza, irisgarritasun legedia, parte hartze prozesuan ondorioztatutakoa eta gainontzeko erakundeek ezarritakoa. Atzo aurkeztu zutena
“marrazki bat” baino ez zen, eta orain hasiko da
“proiektu bat sortzeko bidea”.
Txakurren kakak. Txakur askok berdeguneetan egiten duten kakak ere zeresana eman zuen parte hartze prozesuan. Herritarren esanetan, ez du ezertarako balioko parkean berdegune gehiago egotea txakurren kakak egoteagatik ezin badaiteke jarri edo jolastu.
Herritar asko joan ziren Kamiñazpira, aurreproiektuari buruzko informazioa jasotzera.