Orio “B”-k irabazi zuen zapatuko Mutrikuko estropada, itsasoaren egoeraz eta haizeaz baliatu eta faborito guztiak atzean utzita. Traineru oriotarrak 21 minutu eta 25 segundo behar izan zituen lau luzeak egiteko. Lehen txanda biak erlojuaren aurka egin zituzten zortzi traineruk, eta hurrengo txandetako gainontzeko zortziek, linean.
Bigarren eta hirugarren txanden artean eguraldia asko zakartu zen, eta horrek aurten TKE eta KAE-1 mailetan aritu behar diren traineru gehienak bandera lortzeko lehiatik urrun geratzea ekarri zuen.
Oriotarrak izan ziren Mutrikuko ikurriña etxera eraman zutenak.
Isuntza, hirugarren txandan aritu zen, eta zazpigarren postua lortu zuen 21:41eko denboragaz. 67 ehuneneko gehiago behar izan zituen Bermeok, eta zortzigarren postuan amaitu zuen. Ondarroa eta Mutriku sailkapenaren azken postuetan geratu ziren.
Antiguako Ama traineruak 22:09 minutuko denbora behar izan zuen, eta Mutrikuk 22 minutu eta 53 segundo. Sailkapenaren 14. eta 15. postuetan sailkatu ziren, hurrenez hurren.
Pasa den astean Ondarroan jokatutako Antiguako Ama bandera Orioko lehen traineruak lortu zuen, eta Mutrikukoa berriz, bigarrenak. Traineru denboraldia prestatzeko lanetan ari dira talde guztiak.