Barandikaren lekua hartu du Basurkok, LABeko arduradun gisa
Busturialdea-Lea-Artibai eskualdea bere gain hartu du Ion Basurkok. LABera zein eskualdera bertara «garai berriak» datozela esan du arduradun berriakLAB sindikatuak ordezkari berria izendatu du Busturialdea- Lea-Artibai eskualdearen ardura hartzeko. ...
Busturialdea-Lea-Artibai eskualdea bere gain hartu du Ion Basurkok. LABera zein eskualdera bertara «garai berriak» datozela esan du arduradun berriak
LAB sindikatuak ordezkari berria izendatu du Busturialdea- Lea-Artibai eskualdearen ardura hartzeko. Hala, Aitziber Barandikak sindikatua utzi, eta haren lekua hartu du Ion Basurkok. Halaber, eskualdean eman diren bestelako aldaketen berri ere eman zuten barikuan Gernika-Lumoko egoitzan eman zuten prentsaurrekoan.Industria federazioaren ardura izango du Jon Iñaki Alkorta Jobi-k; Alexis Rodriguezek zerbitzu pribatuak izango ditu bere gain azarora bitartean; orduan, Bittor Pesok hartuko du ardura hori; abokatu lanetan Xabier de La Maza ariko da, eta zerbitzu publikoen ardura Ramon Garaizarrek eta Mari Karmen Aransolok izango dute.
Sindikatura «garai berriak» datozela esan zuen Basurkok barikuan, eta baita Busturialdea eta Lea-Artibai eskualdeetara ere. IX. Nazio Biltzarra egin berri du LAB sindikatuak, eta, bertatik, «indartsu» dagoela ondorioztatu du.
Eskualdeko hamazortzi ordezkarik parte hartu zuten biltzarrean, eta, oro har, zuzendaritza berria hautatzeko egindako proposamenak biltzarrean batutakoen babes zabala jaso zuela azaldu zuten barikuko agerraldian. Hain zuzen, bildutakoen %91,5ek eman zion baiezkoa. Hala, orain artean LABeko idazkari orokor izan den Ainhoa Etxaidek Garbiñe Aranbururi pasatu dio lekukoa.
Mobilizatzeko beharra
LAB sindikatua Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bigarren indar sindikala dela esan zuten, eta Nafarroan zein Ipar Euskal Herrian ere ordezkaritza sendotuz doala. Aurrera begira, LABek bere burua «indartsu» ikusten duela esan zuen Basurkok, eta Biltzar Nagusian hartutako erabakiekin «langile subjektua berrosatzea eta sindikatua prekarietatean kontrako borrokaren lerroan kokatzea» dutela asmo.
Horretarako, baina, mobilizatu beharra dagoela esan zuen eskualdeko arduradun berriak. «Soldatapeko langileek, lan munduan sartu-atera dabiltzan gazteek, prekarietatean modu berezian pairatzen duten emakumeek, langabeek, pentsiodunek, etxeko langileek, autonomo faltsuek, migranteek, bekarioek… Guztiek sentitu behar dute LAB beren borrokak aurrera eramateko tresna dela», azaldu zuen. LABen iritziz, Euskal Herriak gai ekonomiko eta sozialak erabakitzeko ahalmen osoa izateko beharrezkoa da estatu propioaren alde borrokatzea.
Hala, sindikatuak bere lekua argi duela esan zuten, «ezkerrean, eragile sindikal, sozial eta politikoen artean aliantzak eraikitzen eta ardatz sozial nagusia duen burujabetza prozesua bultzatuz».