Esperientzia askoko jendea batu du III. Lan Azokak
Curriculuma besapean, Lea-Artibai, Mutriku eta inguruetako herrietako hainbat lagunek bisitatu zuten atzo goizean, Lea Artibai Ikastetxeak antolatutako III. Lan Azoka. 10:30ean zabaldu zituen ateak, ikastetxearen aparkalekuan kokatu zuten azokak. Denet...
Lehen orduan jende gutxi ibili bazen ere, apurka-apurka jendea bertaratu zen azokara, eta hilarak ere sortu ziren postu batzuen aurrean. Izan ere, batzuk curriculuma zein postutan entregatu nahi zuten argi bazeukaten ere, beste batzuk posturik postu ibili ziren lan bila.
Adin ezberdineko eta lan esperientzia ezberdineko jendea batu zuen, gainera, azokak, batzuk lehen lanaren bila eta beste batzuk euren esperientzia eskaintzeko prest.
Txikonen hitzaldia
Isabel Mendiguren Lea Artibai Ikastetxeko zuzendariaren eta Xabi Uranga Lantokietako Formakuntza arduradunaren aurkezpenagaz hasi zen ekitaldia, eta ondoren, Alex Txikon euskal mendigoizalearen esperientzia ezagutzeko aukera egon zen Esperantza eraikineko aretoan. Bizi izan dituen esperientziak aurrera eramateko behar den konstantzia azpimarratu zuen, besteak beste, mendigoizaleak.
Jarraian, diplomak banatu zizkieten Lanbide Heziketako ikasleei, eta Alex Txikonen eskutik hartu ahal izan zuten ikasleek egindako lanaren ziurtagiria.