Gababus, Lea-Artibain jairik jai ibili eta etxera seguru itzultzeko zerbitzua
Mikel Antsotegi: “Bizkaiko eskualde gehienek daukate zerbitzu publikoa gauetan, trena edo Bizkaibusa. Baina gure eskualdean behar hori ez zegoen beteta”Ansotegik ondo ezagutzen du ekimena bera eta izan duen bilakaera. Hausnarketa eta azterketa egin ostean, 2013an Aulestiko Udaletik Lea Ibarrako Mankomunazgora helarazi zuten proposamena. Herritarren ardura. Aulestiko alkatearen berbetan, 2011-2015 agintaldia hasi zenean, gauetan garraio publikorik ez egotea zen herritarren kexa nagusienetako bat, eta horretaz jakitun, Aulestiko Udaleko gobernu taldea zelan antolatu zitekeen pentsatzen hasi zen. “Herri zein eskualde mailan garraio publiko falta horrek herritarrek oinarrizko zerbitzu bat ez izatea zekarren. Bizkaiko eskualde gehienek daukate zerbitzu publikoa gauetan, trena edo Bizkaibusa. Baina gure eskualdean behar hori ez zegoen beteta”. Hala, zerbitzua bideragarria zen edo ez aztertu zuten, eta zerbitzua Lea Ibarra mailan martxan jartzekotan zirela, Bizkaiko Foru Aldundiak gazteen aldeko politikak bultzatzeko Udal Gaztedi plangintza martxan ipini zuen Lea-Artibai mailan. Mahai hartan hamabi udalerriak eta Lea Ibarra Udal Mankomunazgoa eta Lea-Artibai Amankomunazgoa zeuden. Aulestiko ordezkariek zerbitzua Lea-Artibaiko herri guztietara zabaltzea proposatu, eta gazte plan horren barruan sartu zuten. Izan ere, herri guztietako udal ordezkariek premia edota hutsune hori aurretik ere sumatzen zuten. Memoria prestatu eta aurkeztu, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren oniritzia jaso zuten. Hala, %70eko finantziazioa lortu zuten, eta gaur egun ere diru laguntza hori mantentzen dute. Zerbitzuaren urteko inbertsioa 30.000 euro ingurukoa da, eta aurrekontuaren gainontzeko %30 udalek jartzen dute.
2013. urtean baldintzak atera, eta Artibai autobus enpresari esleitu zioten zerbitzua. Gaur egun, ostera, Jai Alai enpresaren autobusetan egiten dituzte joan-etorriak. Beste alde batetik, hasieratik Ibegrafik enpresak dauka zerbitzua koordinatzearen ardura: udalekin hartu-eman zuzena, egutegia eta tiketak prestatu, linea bakoitzeko erabiltzaile kopurua autobus konpainiari abisatzea… Oibar Legarra Ibegrafikeko kidea aritzen da koordinazio lanetan, eta orokorrean, gazteek errespetuz jokatzen dutela adierazi du. “Parte hartze aldetik erantzun ona dauka, eta erabilpen ona”. Gazteek 3 euroren truke daukate joan-etorria, eta tiketik izan ez arren, egunean bertan autobusean lekua egonez gero, 5 euro ordainduta erabili dezakete zerbitzua. “Herri batzuetako jaietan joan-etorria eskaintzen da; beste batzuetan bakarrik bueltakoa. Baina bueltako zerbitzua beti bermatzen dugu”. Txartelak norbere udaletxean, Ondarroako Turismo Bulegoan eta Lekeitioko Kultur Etxean eskuratu ahal izaten dira, eta jaien aurreko barikuko 13:00etara arte egoten da horretarako aukera. Halaber, egutegia prestatu bezain laster, herriz herri gazteen artean banatzen dute. Bilakaerari dagokionez, gero eta gazte gehiagok erabiltzen dute Gababusa. 2013an 1.500 pertsona inguru zenbatu zituzten, eta iaz 4.553 erabiltzaile izan zituen (2014an 3.246 erabiltzaile eta 2015ean 3.654 erabiltzaile).“Bueltako zerbitzua beti bermatzen dugu; parte hartze aldetik erantzun ona dauka”
Goranzko joera aurreikusten dute aurtengorako. Maiatzean, 322 gaztek erabili zuten Berriatuko jaietan (iaz 195 gaztek) eta 133 erabiltzaile eduki zituen Ondarroako Antxoa Egunean (iaz 203 erabiltzaile). Erabiltzaile datuak. Iazko datuei erreparatuz, Aulestiko jaietan izan zituen erabiltzaile gehien: 488. Era berean, Ondarroako Zapato Azulean 483 gazte mugitu ziren Gababusean, eta Amorotoko jaietan, 467. Bestalde, biztanle gehien dituzten herrietako jaietan egun batean baino gehiagotan eskaintzen dute zerbitzua. Markina-Xemeingo iazko Karmen jaietan eta Ondarroako Andra Mari jaietan bina egunetan egon zen Gababusa. Markina-Xemeingo bi egunetan 733 erabiltzaile izan zituen, eta Ondarroako bi egunetan 565. Lekeitioko San Antolin jaietan, berriz, hiru egunetan eskaini zuten zerbitzua, eta guztira 877 erabiltzaile zenbatu zituzten. Oinarrizko zerbitzua. 14-29 urte bitarteko gazteei bideratutako zerbitzua eskualde mailan “ezinbesteko zerbitzua” dela nabarmendu dute antolatzaileek. “Herrietan behar-beharrezko zerbitzua dela argi daukagu hamabi udalok, eta finkatuta dagoen zerbitzu legez ikusten dugu”. Herritarrengandik ere erantzun «oso ona» jaso duela, eta hori eskertzen dutela dio Ansotegik. “Aldundiak diru laguntza ematen jarraitzen duen artean zerbitzua aurrera eramatea nahiko erraza da. Egunen batean diru laguntza hori desagertuko balitz, hamabi udalok eta bi mankomunitateek zerbitzua aurrera eramateko egin beharrekoak egin beharko genituzkeela uste dugu Aulestiko udal ordezkariok. Izan ere, Gababus zerbitzua oinarrizkoa bihurtu da eskualde mailan”. EGUTEGIA:“Behar-beharrezko zerbitzua dela argi daukagu, eta finkatuta dago”
- Ekainak 10. Oletako jaiak.
- Uztailak 1. Ondarroako Zapato Azule.
- Uztailak 7. Amorotoko kontzertua.
- Uztailak 14 eta 15. Markina-Xemeingo jaiak.
- Uztailak 24. Etxebarriko jaiak. Ispaterko jaiak.
- Uztailak 29. Leatarren eguna.
- Abuztuak 2. Mendexako jaiak.
- Abuztuak 5. Ziortza-Bolibarko Edurtzako Amaren jaiak.
- Abuztuak 14 eta 15. Ondarroako jaiak.
- Irailak 1, 2 eta 5. Lekeitioko jaiak.
- Irailak 22. Aulestiko kontzertua.
- Irailak 30. Markina-Xemeingo Arretxinagako jaiak.