Abarka antzerki taldeak
Besaulkiak lan berria aurkeztuko du zapatuan [ekainak 10], 22:00etan, Uni frontoian. Gauzak aldatzeari beldurra hartu eta besaulki batean esartzeko erabakia hartu duen gizarte erosoa kritikatzen du Abarkaren lan berriak,
umorerako parada ere izango duelarik.
Zortzi aktore egongo dira oholtza gainean
Ander Lipusen zuzendaritzapean, Gotzon Barandiaran Larrabetzuko idazleak egindako testuari jarraituz.
Esan daiteke halabeharrak lagundu ziola Abarkari obrarako testua aurkitzen. Antzerki taldea obra berri bat egin nahian zebilen Ander Lipusen gidaritzapean, eta ze obra egingo zuten pentsatzen ari zirela
Gotzon Barandiaranegaz egin zuten topo. «Testu bat lortu ezinda genbiltzan, ez da eta erraza izaten euskarazko testuak eta nahi dituzun modukoak aurkitzea, are gutxiago antzezle kopuru jakin batentzat», azaldu du zuzendariak. Hala, Barandiaranegaz topo egin eta berak antzerki bidez kontatzea gustatuko litzaioken istorio bat zeukala buruan azaldu zion Lipusi. «Bere asmoa jakinda, Abarka antzerki taldearentzako obra bat idazteko prest egongo zen galdetu nion, eta erantzuna baiezkoa izan zen».
Aktoreak, ‘Besaulkiak’ antzezlanaren entsegu baten.
Aldaketatik ihesi dabilen gizarte eroso baten kritikan oinarritzen zen istorio bat egitea zeukan buruan Barandiaranek, besaulki batetan eroso ezarrita egon nahi duen gizartearena. Istorio horrek Silvio Rodriguezen La Silla abestia gogoratzen diola dio Ander Lipusek. «Metafora bidez bidean agertzen zaizkigun aulki piloetan atseden hartzea ze arrikutsua den azaltzen duena».
Horri buruz gogoeta egiten hasi eta pixkanaka-pixkanaka bihar publikoak ikusiko duen Besaulkiak osatu zuten.
Historia etorkizunean kokatzen da, 2036an, hain zuzen. Herri bateko bizilagunak herrira besaulki ultra moderno bat ekartzea ari dira pentsatzen, eta bertan herrian dauden aulkiak herritik kentzea. «Egia da, ez dela Abarka antzerki taldeak orain arte egin duen parametroetan mugitzen, baina pentsarazten duen istorio bat da, eta nik uste dut barrerako ere parada emango duela».
Abarka antzerki taldeko kideak: “11 urte, hamaikatxo kontu, hamaika istori kontatu ditugu eta jendea harritu nahi dugu, eta lortuko dugula uste dugu”
Urte eta erdi. Urte eta erdiko prozesua izan da, nahikoa prozesu luzea, martitzenero batzen egon dira, eta orain, azken asteetan, domeketan ere gelditzen ibili dira dena primeran ateratzeko lanean jo eta su. Hala ere, prozesu guztiz aberasgarria izan dela azpimarratu dute Abarka taldeko kideek. «Proiektu ezberdina da, baina horrek oraindik gehiago motibatzen gaitu».
Obra ezberdina bada ere, zuzendaria aspaldiko ezaguna du Abarkak, eta Ander Lipusegaz lan egitea «luxu bat» dela adierazi dute; «asko ikasten dugu». Horrez gain, taldea mantentzea oso garrantzitsua dela esan dute. «11 urte, hamaikatxo kontu, hamaika istori kontatu ditugu eta jendea harritu nahi dugu, eta lortuko dugula uste dugu».
Ruben Markina eta
Lur Epelde berriak dira taldean,
Xemein Gauan estreinatu ziren Abarkagaz, eta Besaulkiak izango dute bigarren lana. «Jende berria sartzea pozgarria eta aberasgarria da taldearentzat».
Bestalde, obra berriaren prozesu osoan, hasieratik amaierarara parte hartu ahal izan dute taldeko kideek oraingoan, eta prosezu horrek asko bete dituela azaldu dute. «Testua idazle batek guretzako idatzi eta gu hori lantzen egotea, prozesua hasieratik ikustea, argiztapena… prozesu oso bat izan da eta guztiaren parte izateko aukera eduki dugu».
Obra antolatzeko kanpoko beste kide batzuen laguntza ere izan dutela azaldu dute. Amaia Garate bilbotarra espazio eszenikoaz arduratu da, eta
Arantza Flores nafarrak argiztapenean lagundu du. «Profesional bi horiek era sartu ditugu taldean laguntzeko. Mikel Unamunzagak berriz, musika, kartela eta beste gauza asko egin ditu».
Markina-Xemeingo Unian izango du publikoak obra guztiaz gozatzeko aukera. Estreinura joateko gonbidapena egin diote publikoari
Erakustaldi bi. Ekainaren 10ean [zapatua] egingo dute emanaldia, 22:00etan eta sarrerak 10 euro izatea erabaki dute, «borobiltzeko» esan dute barrez. “Ez ote den asko pentsatzen ari ginen, baina uste dugu kulturak ere eta antzerkiak ere bere balorea daukatela. Ez bakarrik balorea: gastu batzuk ditugu eta gastu horiei aurre egiteko 10 euroko sarrera jarriko dugu”.
Besaulkiak lanaren bi emanaldi txiki egin ditu Abarkak aurretik, zetorrenaren erakusle. Lehenengoa Oreretako eszena antzerki jaialdian izen zen. «Hasierako 15 minutuak egin genituen, baina gero, obra aldatzen joan da». Eta gero,
Durangoko azokan erakutsi zituzten beste 15 minutu, baina bihar, Markina-Xemeingo Unian izango du publikoak obra guztiaz gozatzeko aukera. Estreinura joateko gonbidapena egin diote publikoari.
FITXA:
- Zuzendaria: Ander Lipus
- Testua: Gotzon Barandiaran
- Musika eta irudia: Mikel Unamunzaga
- Aktoreak: Rakel Anitua, Luis Egurrola, Lur Epelde, Nerea Foruria, Nagore Leon, Ruben Markina, Amalia Martin eta Gilen Santiso.
- Espazio eszenikoa: Amaia Garate
- Argiztapena: Arantza Flores
- Ekoizpena: Abarka antzerki taldea
- Estreinua: ekainak 10, 22:00etan, Markina-Xemeingo Uni frontoian.