Antxoaren kanpaina oso oparoa ari da izaten aurten, eta nabaria da hori Ondarroako portuan. Pasa den astean antxoa kostaldetik urrun bazebilen ere, aste honetan gehiago hurbildu da, eta horrek arrantzaleen lana erraztu du. Horregatik, atzo [ekainak 7] eta gaur [ekainak 8], mugimendu handia egon da Ondarroako portuan. Atzo bertan, esaterako, portutik bertatik ikus zitezkeen ontziak antxoa arrantzatzen. 56 txalupak porturatu zuten antxoa atzo Ondarroan, eta 77 ontzik astelehenean.
Gaur goizean Ondarroan lehorreratu duten antxoa.
Ondarroako Kalare Deuna Arrantzaleen Kofradiako presidente Eusebio Arantzamendiren esanetan, “ondo doa” aurtengo antxoa sasoia, eta horrela jarraituz gero, “datorren astean antxoaren kanpaina itxi egin beharko da”. Bere esanetan, gaur arrantzatutako kopuruaren arabera bihar kontuak egin beharko dituzte Kalare Deuna Kofradian, zenbat geratzen den jakiteko, eta horren arabera erabakiak hartu. Arantzamendiren ustez, iazko urtea ona izan bazen Ondarroako portuarentzat, aurtengoa are hobeagoa ari da izaten oraindik, “zertxobait” hobetu egin baita.
Azken egun hauetan portuan ikusi ahal izan den mugimendu handirekin lotuta, Kofradiako presidenteak Ondarroako arrain lonja berria ahal bezain laster eraikitzen hastea eskatu du, “behar handia” dagoelako.
Mugimendu handia egon da goizean kofradia parean.