Hori-beltza da Kamiñazpi
Kamiñazpiko koloreak horia eta beltza dira, eta kolore horietako banderez jantzita ikusten ditugu balkoiak auzoko jaiak ailegatzen direnean. Badaukate zergatirik horiak eta beltzak.Kamiñazpi auzoa betidanik izan da auzo berezia Ondarroan. Herritik ur...
Kamiñazpiko koloreak horia eta beltza dira, eta kolore horietako banderez jantzita ikusten ditugu balkoiak auzoko jaiak ailegatzen direnean. Badaukate zergatirik horiak eta beltzak.
Kamiñazpi auzoa betidanik izan da auzo berezia Ondarroan. Herritik urrunduta dagoelako beharbada, edo ondarrutar gehien bizi den lekua delako, agian, baina ezin ukatu daiteke Kamiñazpik beti eman izan duela zeresana herrian.
Urte askoz ahaztuta egondako auzoa izan da, askok mespretxuz ere begiratu izan diotena, baina asko kostata ere bere izate berezia sortu eta urteetan lantzen joan dena. Herriaren erdigunetik urrun egon arren, herria auzora hurbiltzen da egunero, duela urte askotatik. Baina lehenago aipatutako izate eta nortasun berezi eta berezko horiek ez dira egun batetik bestera sortuak izan, beste gauza asko bezala gutxien uste zen istorio txiki batetik baizik. Joseba Bedialauneta Kamiñazpiko auzotarra da, eta berak jaso zuen auzoko koloreak horia eta beltza izatearen arrazoia. 80ko hamarkadan, Ondarroako hondartza futbolean jokatzeko talde bat atera zuten Kamiñazpiko umeek, eta talde horrek, guztiek bezala, kolore batzuen beharra zeukan. Bedialauneta bera taldeko kidea zen, eta gogoratzen du nola erabaki zuten zein kolore jantziko zuten: «Bakoitzak kamiseta bat eramatea pentsatu genuen, eta gehien errepikatzen zen koloreko kamisetak jantziko genituela aurrerantzean». Orduan, kolore gorriak irabazi zuen, «Aurrerako koloreak!»
Baina hondartzan jokatu beharreko bigarren denboraldirako, zerbait serioagoa egitea pentsatu zuten Kamiñazpikoek.
Garai hartan, ondarrutar asko ari ziren Kanarietan lanean, arrantzan, eta horietako bat zen Juan Bedialauneta Papardo Josebaren aita. Gogoratzen da, nola amak bidai asko egiten zituen Kanarietara aita bisitatzera, eta bertan kamisetak merkeagoak izango zirela pentsatuta, bere ama Mari Karmen Zubikarairi egin zioten talde guztiarentzako kamisetak ekartzeko enkargua.
Kanariar uharteetan kolore horia zen nagusi futbol taldeetako kamisetetan, hango futbol talde ezagunenaren kolorea baita horia.
Zubikaraik 100 pezetatan erosi zituen talde guztiarentzako kamisetak, «bakoitza bere zenbaki beltzagaz» Bedialaunetak ondo gogoratzen duenez. Ikaragarria izan zen: «Gure kamisetak geneuzkan, guztiok berdinak eta bakoitzak bere zenbakiagaz, 100 pezetako kamisetak!».
Urteek aurrera egin ahala, taldeak hainbat txapelketa irabazi zituen, eta herritarren artean kolore hori-beltzagaz hasi zen ezagun egiten Kamiñazpi.
Geroago, taldea handituz joan zen, bai neskena eta baita mutilena ere, eta horrek kamiseta gehiagoren beharra ekarri zuen. Orduan erabaki zuten, hasierako hori-beltz soil haiek atzean utzi eta kamiseta marradunak erostea. Baina hasierako kamiseta haiek ez ziren zakarrontzira joan, eta jada eurei balio ez zietenez, orduan Jabier Urkiri Kubillo-k entrenatzen zuen neska-mutil taldeari pasatu zizkioten.
Baina neska-mutil horiek adinean aurrera egin ahala, kolore hori-beltza ere eurekin batera desagertuko zela pentsatzen zuten Bedialaunetak eta bere taldekideek: «Baina ez zen horrela izan».
Dina Bilbao
1997ko ekainaren 24an, Dina Bilbao kirolari ondarrutarra desagertu egin zen Kariben, eta bere omenaldian Bilbaok hain gogoko zituen lore hawaiarrak jaurti ziren itsasora. Ustez, bere omenez uretara jaurtitako lore batzuetatik, baina, identifikazio eta izate era bat sortu zen, omenaldi hura baino urrunago joango zen istorio bat.
Gerardo Saizek garaiko kirol aldizkarian idatzi zuen bezala, lore haiek Dina Bilbaoren gustukoak izateaz gain, bere auzoko, Kamiñazpiko koloreak ere baziren. Joseba Bedialauneta orduan konturatu zen Kanarietatik ekarritako kamiseta hori eta beltz haiek uste baino gehiago sustraitu zirela auzoan.
Auzoko umeen futbol taldeko kamiseten kolorea izatetik, Kamiñazpiko kolore izatera pasatu ziren horia eta beltza, eta kolore horiekin herritar guztiek lotzen zuten Kamiñazpi.
Kolore ofizialak
2001ean, Kamiñazpi auzoko jaiak berriro antolatu zituzten, aro berriko lehen jaiak. Orduan, jaietarako kamisetak eta banderak egitean, kolore horia eta beltza aukeratu ziren, eta kolore horiek jada «auzoko kolore ofizial» bihurtu ziren.
Bedialaunetak harro dio bere amak Kanarietatik ekarritako 100 pesetako kamiseta haien koloreak bihurtu direla gaur egun auzoko jaietan balkoietan hain harro eskegitzen diren bandera horien kolore.
Gaur egun ere auzo berezia izaten jarraitzen du Kamiñazpik, bere koloreekin eta bere ohiturekin. Auzoko jaietan ez ezik, kolore horia eta beltza harro erakusteko beste momentu bat izaten dira San Joan suak. Ekainaren 23an beti egiten da sua Kamiñazpin, handiagoa edo txikia- goa, parkean edo errekaren ondoan, baina beti zaten du erdiko makilan bandera hori-beltza, auzotarren irudi.
Urteak aurrera joanda ere, auzotarrek harrotasunez eusten diote euren nortasunari, herrian auzo berezia den jakitun. Orain hamarkada batzuk San Joan suetarako larren eta erdiko enborraren bila mendira joaten ziren haien seme-alabek hartu dute orain auzoko ekimenak aurrera eramateko lekukoa.
Horren adibide dira igaro berri diren Kamiñazpiko jaiak eta bi aste barru iritsiko den San Joan gaua. Aurrekoek ereindako sutraiek tinko diraute Kamiñazpin, horrek beragaz dakarren harrotasun puntu eta guzti.
Auzotar batek asmatu eta jaietan abesten duten kantak dioen bezala, «Guretzako Kamiñazpi beti re zoragarri!».