Lekeitioko ikurrinak lehiatuko dituzte etzi 29 traineruk
Denboraldia hasi aurreko azken proba izango dute traineruek, etzi, Lekeition. Gizonezkoen Lekeitioko 39. Ikurrina eta emakumeen VII.a lehiatuko dira 11:30etik aurrera.29 traineruk hartuko dute parte Isuntza Arraun Elkarteak antolatuko duen ekitaldian, ...
29 traineruk hartuko dute parte Isuntza Arraun Elkarteak antolatuko duen ekitaldian, 5 emakumeenak eta 24 gizonezkoenak. Tripulazio kopurua dela eta, estropada hiru zatitan banatuko da. Emakumeak izango dira uretara ateratzen lehenak. Bi luze eta ziaboga bat osatu beharko dute hiru tandatan aterako diren traineruek. Lehenengo txandan Leartibai aterako da, bigarrenean Deustu eta Portugalete eta hirugarrenean, Hibaika eta Orio.
Gizonezkoek erlojupekoa egin beharko dute lehenengo, binaka, eta ondoren, lerrokatutako hiru txanda. Lau kale egongo dira, eta traineruek lau luze eta hiru ziaboga bete beharko dituzte guztira.
Erlojupekoan Mutriku eta SantoƱa, Kaiku B eta Deustu B, Getxo eta Elantxobe, Lutxana eta Donostiarra B, San Juan B eta Lapurdiko AE eta Arkote eta Hondarribi B neurtuko dira.
Lehenengo txanda, berriz, Portugaletek, Zumaia Ak, Getarik eta Zarautzek osatuko dute; bigarren tandan, Ondarru, Donostiarra A, Isuntza eta Deustu aterako dira, eta azkenik, hirugarren tandan Hondarribi Ak, Kaiku Ak, San Pedro Ak eta Zierbanak egingo dute arraun.
Urteurrena
Lekeitioko estropada Isuntzak urtero antolatzen duen Asteburuaren baitan dator. Aurten, baina, Isuntzaren Asteburua bereziago izango da oraindik. Izan ere, elkarteak 40. urteurrena ospatzen du aurten, eta egitarau berezia prestatu dute herritar guztiekin batera ospatzeko.
Bihar hasiko da ospakizuna, 11:00etan plazan lehiatuko den Arraun Duatloiagaz. Alebin, gazte eta kadete mailako ume eta gazteek parte hartu ahalko dute.
Partaideek arraunean egingo dute lehenengo ergometroetan, eta korrikan egingo dute ondoren herrian zehar. Maila bakoitzeko distantzia ezberdinak osatu beharko dituzte.
Arraun Taldearen aurkezpena ere egingo du bihar Isuntzak. 14:00etan jarri dute ordua udaletxeko eskaileretan, talde guztien berri emateko.
Arratsaldean, ostera, umeentzako puzgarriak egongo dira 17:00etatik 20:00etara bitartean, eta gauean, rock and roll jaia egongo da plazan Rock’n’Roll taldeagaz eta Maigul eta Joe Mcona bikoteagaz.