86 familia atera zituzten joan den urteko martxoaren 8an Ondarroako San Ignazio kaleko etxebizitzetatik, eta joan den zapatuan [ekainak 3] 28 sartu ahal izan ziren etxebizitzetara. Hala ere,
58 familia daude oraindik etxera itzuli ezinik, eta beraz, hilero bezala pairatzen ari diren egoera latza kaleratu dute gaur [ekainak 10] goizean ere San Ignazio kaleko kaltetuek. Kalean bertan egin dute elkarretaratzea; itxita dauden atarien aurrean batu dira, arazoa oraindik konpondu barik dagoela gogorarazteko.
Saiñazio gestorako kideek jakitera eman dutenez, etxetik kanpo jarraitzen duten 58 familia horien
etxebizitzak ikusten dabiltza, eta gauza guztiak ondo joanez gero, baliteke beste bi ataritako bizilagunek etxebizitzetara itzultzeko aukera izatea. Hala ere, ezer ziurrik ez dagoela azaldu dute. “Prozesu guzti honek erakutsi digu txarto joan ahal diren gauza gehienak txarto joaten direla, mendia izan ezik. Mendiak erantzun du hobetoen, baina diru kontuak eta epeak txarto joan dira”.

San Ignazio kalekoek gaur goizean egin duten elkarretaratzea.
Bestalde, lau atari gelditzen direla esan dute,
eperik barik: 40B, 40 C, 42 A eta 42 B. “Gauza guztiak ondo joanez gero, finantziazioa lortuz gero, eta teknikoek udazkenean obra hasteko moduan dagoela ikusi eta etxeetara joateko baimena emanda ere, etxeak ikusten eta aztertzen ari diren arkitekto teknikoek esaten dute lau atarik ez dutela bizigarritasunik, eskailerak ikututa dituztelako. Beraz, eskailerak konpontzen ez diren bitartean, etxeak osorik dituztenak ere ezin izango dira euren etxebizitzetara bizitzera joan”.
Konponketen ardura. Horrez gain, gaur egun oraindik, etxebizitzak nork konpondu behar dituen ere ez dakitela nabarmendu dute Saiñazio gestorakoek. “Aspalditik hitz egiten ari gara udalagaz, erreklamazioak eta eginda daude, eta udalak ordaindu beharko dituela uste dugu, baina oraindik ez dago legez ezer eginda gure etxeak udalak ala dagozkionak konpontzeko”. Bide administratibo horiek eta diru iturriak konpondu bitartean beraz, lau atari horietako familiak etxeetara itzultzeko epe barik egongo direla ikusten dute gestorako kideek.
Hasiera batean epe batzuk eman zizkietela azaldu dute. “Joan den urtean urte bete esan ziguten; urte hori orain dela hiru hilabete bete zen eta orain, eperik eman ahal izateko itxurarik ez dago”. Udalak deitu zituen azken batzarrean ez zutela eperik eman esan dute. “Bide guzti honek erakutsi digu esperantzak ez duela ezertarako balio. Gauza bat da esperantza edukitzea, udalak asmo onak izatea eta denok nahi izatea, baina beste gauza bat da errealitateak nora eramaten gaituen. Uste dugu, epeak ez beteteko, ez direla eperik emoten ausartzen”.
Bitartean, kaltetuek
etxeetara begira jarraitzen dutela aitatu dute, noiz joan ahalko diren zain.