Iparragirre askatzeko eskaria
Espainiako Gobernua ondarrutarraren egoeraren erantzuletzat jo du Kalera Kalera dinamikaren bozeramaileak, eta «gerra posizioan» egotea leporatu dio MIKEL SANTISO1.500 pertsona inguru batu ziren domeka eguerdian Bilbon Ibon Iparragirre Ondarroako pre...
Espainiako Gobernua ondarrutarraren egoeraren erantzuletzat jo du Kalera Kalera dinamikaren bozeramaileak, eta «gerra posizioan» egotea leporatu dio MIKEL SANTISO
1.500 pertsona inguru batu ziren domeka eguerdian Bilbon Ibon Iparragirre Ondarroako preso gaixo larriaren askatasuna eskatzeko. Heriotz zigorrik ez. Ibon kalera! Preso gaixoak kalera! lelopean, Eliptika plazatik atera ziren 12:30ean.Manifestazio burua Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza parera iritsi zenean, dantzari batek agurra dantzatu zuen espetxeetan dauden euskal preso gaixo larrien omenez. Orduan, Oihana Garmendiak hartu zuen hitza Kalera Kalera mugimenduaren izenean: «Iparragirrek ez du denbora askorako. Bi hilabete? bi aste? edo bi egun?». Nabarmendu zuen Espainiako Gobernua dela egoera horren erantzule, eta egoerak horrela dirauen bitartean Espainiako Gobernua «gerra posizioan dagoela». Gaineratu zuen ez dutela Espainiak inposatu nahi duen garaile eta garaituen gidoia onartuko, eta ezta ere presoak xantaia egiteko erabiltzea.
Bere hitzaldian, Eusko Alderdi Jeltzaleko presidente Andoni Ortuzarri ere galdera zuzena bota zion Kalera Kaleraren bozeramaileak: «Zer irabazten du euskal gizarteak espetxeetan beste hildako bategaz?». Baina Ortuzarrentzat ez ezik, Iñigo Urkullu lehendakariari ere mezu zuzena bidali zioten domekan Bilbon: preso gaixo larrien bizitzak salbatzeko ea zer egiten ari den azaltzeko eskatu zioten. «Justizian eta bakean oinarritutako etorkizun bat eraikitzeko, guztion beharra» dagoela esan zuen Garmendiak, eta horretarako, «preso politikoek ere kalean egon behar dutela» gaineratu zuen. Manifestazioa Kale Nagusitik eta Buenos Aires kaletik barrena igaro zen, Areatzako zubian amaitzeko.
Espetxean
Beste alde batetik, bariku gauean, Iparragirreren berehalako askatasuna eskatzeko burrunbada egin zuten ondarrutarrek. Bost minutuz, turrun, bolandera, txistu eta lapiko hotsek hartu zituzten Ondarroako kaleak.
Eguenean Gregorio Marañon ospitaletik eraman zutenetik, Alcala Mecoko espetxean preso jarraitzen du Iparragirrek. Astebete pasa eman zuen ospitalean, pneumoniagaz.
EH Bilduko Jon Iñarritu senatariak Espainiako Espetxe Zuzendaritzako idazkari nagusi Angel Yusteri Iparragirreren egoeragatik galdetu zion. Yustek «Iparragirreren egoera espetxe zigorra betetzen jarraitzeko adinako ona» badela erantzun zion. Gainera, bere osasuna ez hobetzearen erruduna Iparragirre bera dela esan zuen, «ezarritako tratamendua ez jarraitzearren».
Munduko Medikuen Elkarteak Espainiako Auzitegi Nazionaleko mediku forentseen aurkako salaketa aurkeztu zuen hilabete hasieran, tortura eta tratu txarren salaketa batzuen kasuan egindako lana dela eta. Horren harira, Espainiako espetxeetan dauden preso gaixo larrien egoera ere gogorarazi zuten: «Txus Martin, Aitzol Gogorza, Ibon Fernandez Iradi eta Ibon Iparragirreren biziak arriskuan daude, eta kasu guztietan, ezinezkoa da behar duten tratamendua kartzelan jasotzea». Mirta Fabre psikologoak, Susana Etxegoien medikuak eta Olivier Peter abokatuak prentsaurrekoan azaldu zutenez, Espainiak badauka eskubidea preso horiek kartzelan mantendu nahi izateko, «baina horrek ez du esan nahi beraienak diren eskubideak urratu behar dizkietenik». Presoek espetxean izan dezaketen etorkizunaren inguruan ere argi mintza- tu ziren: preso gaixo larriren bat bere ziegan hilko balitz, Espainiako estatuarena eta askatasuna gomendatzeko gauza izan ez diren medikuena izango litzateke erantzukizuna.
EPPKren gutunak
Maiatzaren hasieran, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideek «deserriratze eta sakabanaketa politikak» amaitzeko beharrezkoa dena egiteko eskatuz gutunak bidali zizkieten Iñigo Urkullu lehendakariari, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariari eta Eusko Alderdi Jeltzaleko Euzkadi Buru Batzarrari.
Asteburuan, Euzkadi Buru Batzarraren izenean, Andoni Ortuzar izan da gutunei erantzun diena. Nabarmendu du «denbora luzea» daramala EAJk espetxe politikak aldatzeko eskatzen. Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak ukatu egin du jeltzaleek duela 30 urtetik indarrean den sakabanaketa politika bultzatu izana, eta gehitu du, EAJk «denbora luzea» daramala espetxe politikak aldatzeko eskatzen.
Azkenik, Sarek, Ibon Iparragirreren egoera salatzeko elkarretaratze bat deitu du ekainaren 17rako, 16:15ean, Donostiako San Telmon.