7,5 tona hondakin atera dituzte Mutrikuko portuko itsas hondotik
Pertsianak, sokak, botilak eta plastiko ugari zegoen Mutrikuko portuan. 60 bat boluntario aritu dira lanean. «Saihestu daitekeen kutsadura» da uretatik atera duten gehiena MIKEL SANTISO7,5 tona hondakin atera zituzten zapatuan Mutrikuko portutik. 60 ...
Pertsianak, sokak, botilak eta plastiko ugari zegoen Mutrikuko portuan. 60 bat boluntario aritu dira lanean. «Saihestu daitekeen kutsadura» da uretatik atera duten gehiena MIKEL SANTISO
7,5 tona hondakin atera zituzten zapatuan Mutrikuko portutik. 60 bat boluntariok hartu zuten parte zapatu goizean egin zen ekimenean.Helburu bikoitza izan zuen: batetik, itsas hondoa garbitzea, eta bestetik, herritarrak kontzientziatzea. Ekimenean hamar elkarte inguru batu ziren, itsasoko ingurumena zaintzeaz arduratzen den Kantauri Garbia! eta Alkolea-Intxirri elkarteak antolatuta. Mutrikuko Udalaren, Euskadiko Kirol Portuen, Euskadiko Urpeko Jardueren Federakuntzaren eta herriko beste hainbat talde eta enpresaren laguntza eduki zuten, Libera (Ecoembes eta SEO/BirdLife) proiektuaren barruko ekintza gauzatzeko. Itsas ekosistema behar bezala mantendu eta gizakiak bertan egindako eragin kaltegarria murriztu nahi izan zituzten bertaratutakoek.
Sokak, pertsianak, plastikozko botilak, poltsak eta abar atera zituzten. Gogorarazi zuten, erreferentzia datu batzuk izatearren, plastikozko poltsa batek 20 urte behar dituela guztiz desegiteko, pixoihal batek 450 urte, eta pila bakar batek 1.500 litro ur kutsatzen dituela. Urpekarien esanetan, «saihestu daitekeen kutsadura» zen ateratako gehiena.
Portuko ur azpitik atera zituzten hondakin guztiak, bildu eta sailkatu egin zituzten lehorrean, gero behar bezala sailkatu eta ahal zena birziklatzeko.
Euskadiko Kirol Portuen zuzendari Edurne Egaña ere Mutrikun egon zen zapatuan, eta gogorarazi zuen herritarrek botatako hondakin askok itsas hondoan amaitzen dutela, eta ikusten ez diren arren, bertan daudela kalteak eragiten. Nabarmendu zuen hondakinek kalte handiak eragiten dituztela, «bai arrainen bitartez edota baita gizakion azalean ere».
Parte hartzaileek ere, egunerokotasunean herritarrak itsas-hondoan zelako kaltea egiten ari diren nabarmendu nahi izan zuten: «Herritarrak arazoaren jakitun izan eta lotsaraztea da helburua», esan zuten.
Antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete urpekariei zein lehorretik lanean aritu ziren boluntarioei, eta amaieran, txitxarro erre jana egin zuten.