Aldundiak ezezkoa eman dio suhiltzaile talde finkoa jartzeko eskaerari
Suhiltzaile boluntarioak laguntzeko hitzarmen bat egitea proposatu dio aldundiak udalari; horretarako, Herri Babeseko talde trinkoa osatzea «beharrezkoa» da Ibarrolazaren araberaBizkaiko Foru Aldundiak Bermeon suhiltzaile talde finko bat jartzeko esk...
Suhiltzaile boluntarioak laguntzeko hitzarmen bat egitea proposatu dio aldundiak udalari; horretarako, Herri Babeseko talde trinkoa osatzea «beharrezkoa» da Ibarrolazaren arabera
Bizkaiko Foru Aldundiak Bermeon suhiltzaile talde finko bat jartzeko eskaerari ezetza eman diola azaldu du Benito Ibarrolaza alkateorde eta zerbitzuetako zinegotziak. Dioenez, suhiltzaile boluntarioak laguntzeko hitzarmen bat egitea proposatu diote udalari. Hitzarmen hori sinatzeko, baina, Bermeon Herri Babeseko boluntarioen talde trinkoa osatzea «ezinbestekoa» dela nabarmendu du.Modu horretan, Ibarrolazak herritarrak animatu ditu Herri Babeseko kide egitera, momentu honetan lau boluntario soilik daudela esanez. Orain arte Herri Babeseko arduradunak izan diren eta «lan izugarria» egin duten Jon Ojanguren eta Mikel Bilbaok taldea utzi dutela gogorarazi du, eta horregatik, «beharrez- koak» dira boluntarioak taldea osatzeko.
Boluntario izateko bi baldintza bakarrik bete behar dira: 18 urtetik gora edukitzea eta Bermeon bizitzea. Lagun kuadrillak ere boluntario izan daitezkeela esan du Ibarrolazak. Bere ustez, «lagunekin egon eta aldi berean herriari laguntzeko era polita izan daiteke». Herri Babesak herriko ekimen guztietan parte hartzen du, segurtasuna eta prebentzioa bermatuz; jende asko bilduko dituen ekimenetan segurtasun arloko aholkularitza eskaintzen du, eta uholde eta elurrak daudenean ere egoera horiei aurre egiteko eta arriskuak ekiditeko lan egiten du.
Berhazen datuak
Interesa dutenek Berhaz bulegora joan, eta izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia eta NA dokumentuaren fotokopia bat utzi beharko dituzte.
Maiatzean batzartu zen Bermeoko Udala aldundiagaz, eta 2010etik aurrerako datuak aurkeztu zizkieten. Ibarrolazak gogoratu duenez, 111 sute egon dira herrian (37, Alde Zaharrean).
Herri Babeseko taldea osatuz gero, udalak hitzarmena sinatuko luke aldundiagaz; udala lokala eta boluntarioak izatera konprometituko litzateke, eta aldundiak auto-bonba, materiala, jantziak eta boluntarioen formazioa eskainiko lituzke.