Danonartin elkartea esne bilketa egiten ari da aste honetan ikastetxeetan
Ondarroako Danonartin elkartea esne bilketa egiten ari da Txomin Agirre ikastolan, Zaldupe Eskolan, Zubi Zahar Herri ikastolan eta Ondarroako institutuan. Astelehenean hasi ziren bilketagaz, eta barikurarte batuko dute esnea.Danonartin elkarteko kideek...
Danonartin elkarteko kideek azaldu dutenez, esne bilketa hau ez da proiektu zehatz batetara bideratuko, baizkik eta elkarteak berak duen beharrizana asebetetzeko izango da.
Aspaldion, esne gutxi bildu dutela eta Danonartin elkartera jotzen dutenentzako esne gutxi zegoelako erabaki dute ikastetxeen bitartez bilketa hau egitea: «jada esne oso gutxirekin gaude, eta garrantzitsua izango da jendeak parte hartzea», azaldu dute.
Ume bat, esne bat
Kanpainaren helburua, ikasle bakoitzak bere ikastetxera esne botila bat eramatea da. Horretarako, bilketa bereziak egingo dituzte ikastetxe bakoitzean. Ez da lehen aldia Danonartin elkarteak halako kanpainak egiten dituena. Iazko azaroan esaterako, Euskal Herriko elikagai bankuek urtero egiten duten janari bilketa aprobetxatuz, beste esne bilketa bat egin zuten Ondarroan: «janari bilketa ikastetxeetan egin beharrean, kalera atera genuen elikagaiak batzearena, eta horrela ikastetxeetan esnea batu ahal izan genuen».