Erabakia Ondarroako Udalak eta Lea-Artibaiko Amankomunazgoak hartu dute, hiru leku horietan hondakinak biltzeko sistema berria jarriko baita martxan.
Helburua, birziklatze tasa igotzea da, eta horregatik hondakin organikoak ere bereizita bildu nahi ditu Ondarroako Udalak. Birziklatzea tasa igotzea lortzeko, “birziklatzeko ontzi guztiak biltzen dituen guneak” sortu nahi ditu udalak San Juan Txurrun, Madalenan eta Galtzuaranen, baina udaletik aitortu dutenez “oso zaila da leku horietan gune horiek sortzea”. Gaineratu dute hondakin edukiontziak batzeaz arduratzen diren kamioiek arazoak edukitzen dituztela kale horietan sartzeko eta maniobrak egiteko.
Kalean utzitako zamarrak, San Juan Txurrun. Argazkia: Ondarroako Udala
Ondarroako Udalak gogorarazi du moldaketa hauen berri martxoan egin zen auzo batzarrean eman zitzaiela bizilagunei, eta guztien artean adostu zela errefusa biltzeko edukiontziak kendu eta auzoetatik hurbil dauden guneetan birziklatzeko guneak jartzea. Batzar horren harira alkateak adierazi zuen gaika sailkatutako hondakin tasa %30etik %70era igo nahi dutela.
Bestalde, udalak dei zuzena egin die zamarrak edukiontzietatik kanpo lagatzen dituztenei: “denon ardura da hondakinak birziklatzea eta herria txukun mantentzea”.