Bermeo Asiako liztorraren izurriari aurre egiten ari da
Asiako liztorraren izurriari aurre egiteko neurriak hartu ditu Bermeoko Udalak, eta emaitza onak eman dituztela adierazi dute. Hain zuzen, Bizkaiko Foru Aldundiak 2015ean martxan jarri zuen kanpainaregaz bat egin zuen udalak, eta, aurten, 101 liztor er...
Kanpaina apirilaren 10etik maiatzaren 23ra egin dute, eta liztor erregina ia guztiak apirilean harrapatu dituztela esan du Bermeoko Udalak. Maiatzean liztor langileak harrapatu dituzte. Guztira, homologatutako 45 tranpa jarri zituen udalak, bai hirigunean eta baita herriko zazpi auzoetan ere, iaz liztor habak aurkitu zituzten lekuetan.
Gaizka Aurrekoetxea Ingurumen teknikariak azaldu duenez, batez ere fruta arbolen eta erreka ondoan jarritako tranpetan harrapatu dituzte. Herri barruan eta Mañun, aldiz, ez dute liztorrik harrapatu kanpaina osoan.
Kaltegarria
Amaia Elorza Bermeoko Lurgintza zinegotziaren esanetan, Asiako liztorrarena izan da azken urteetan Bermeok pairatu izan duen «izurririk kaltegarrienetakoa». Hala ere, Elorzak eta Aurrekoetxeak kanpainaren balorazio ona egin dute. Harrapatutako liztor erregina bakoitzeko habi bat gutxiago egongo da herrian, eta hori garrantzitsua dela esan dute, Asiko liztorrek kalte handiak sortzen dituztelako nekazaritzan eta ingurumenean.
Liztor habiak direla eta, aurten iaz baino abisu gutxiago izan dituztela gehitu dute Elorzak eta Aurrekoetxeak; beraz, kanpainak eragina izan duela uste dute.
Datorren urtera begira ere lanean dago udala, eta emaitzak nola hobetu aztertzen hasita daude. Horrez gain, herritarrei gogorarazi die beraiek ere tranpak jar ditzaketela 2018ko udaberrian, plastikozko botilekin egindakoak, ozpin-ura erabilita.
Orain zortzi urte hasi zen Asiako liztorraren izurria, eta kalte nabariak eragiten dituzte: «Intsektu mota asko jaten dituzte, erleak batik bat; fruta arboletan kalteak eragiten dituzte, eta ziztada arriskutsua da gizakientzat».