Maiatzaren 10ean
Lekeitioko institutuko ikasle eta irakasle talde batek Eusko Legebiltzarrera egindako bisita batean, sarrerako bulegoko ertzainek gaztelaniaz hitz egiteko eskatu zieten; “
en castellano, por favor“. Egoera horren aurrean,
Lekeitioko BHIk salatu zuen Legebiltzarreko ertzainek gaztelaniaz eginarazi zietela; bi gutun bidali zituzten Legebiltzarrera: bat ikasleek eta bestea irakasleek. Legebiltzarreko mahaiak ere beste gutun bat bidali zuen institutura,
“barkamen eske”.
Horregaz lotuta,
Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak galdera egin dio Eusko Jaurlaritzari, eta Estefania Beltran de Heredia segurtasun sailburuak hurrengoa erantzun dio:
“Zaila da gaur egun Ertzaintzaren zerbitzu guztiek herritar guztiei zerbitzua euskaraz eman ahal izatea bermatzea”. Horrez gain, Lekeitioko ikasleei euskaraz zerbitzua emateko gai izan ez ziren ertzainen egoera ere azaldu beharra dagoela esan du: “Azaldu beharra dago, bereziki gazteenei, nondik gatozen eta zenbat irabazten ari garen bakeagaz”.
Beltran de Herediak ertzain gehienak euskaraz hitz egiteko gai zergatik ez diren ere justifikatu nahi izan du, bere esanetan, “duela urte gutxira arte ertzain bakar batek ere ez zeukalako bere ordu libreetan euskaltegira joateko askatasunik”.
Unai Urruzuno, kanporatua. Segurtasun sailburua hizketan ari zen bitartean, Bakartxo Tejeria mahaiburuak isilik egoteko eskatu die EH Bilduko legebiltzarkideei, eta ondoren,
Unai Urruzuno legebiltzarkide ondarrutarra kanporatu egin du, Beltran de Heredia sailburuari “lotsagarria, lotsagarria, lotsagarria!” esatearren.
BIDEOA: Urruzuno kanporatu duten momentua (EiTB)