Lekeitio BHI-koei gertatutakoa azaldu du sailburuak
Maiatzaren 10ean Lekeitioko institutuko ikasle eta irakasle talde batek Eusko Legebiltzarrera egindako bisita batean, sarrerako bulegoko ertzainek gaztelaniaz hitz egiteko eskatu zieten; «en castellano, por favor». Egoera horren aurrean, Lekeitio BHI...
Bi gutun bidali zituzten Legebiltzarrera: bat ikasleek eta bestea irakasleek. Legebiltzarreko mahaiak gutun bat bidali zuen institutura, «barkamen eske».
Gertaera horren harira, joan den barikuan, Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak azalpenak eskatu zizkion Eusko Jaurlaritzari, eta Estefania Beltran de Heredia segurtasun sailburuak hurrengoa erantzun zion: «Zaila da gaur egun Ertzaintzaren zerbitzu guztiek herritar guztiei zerbitzua euskaraz eman ahal izatea bermatzea».
Horrez gain, Lekeitioko ikasleei euskaraz zerbitzua emateko gai izan ez ziren ertzainen egoera ere azaldu beharra dagoela esan zuen Segurtasun sailburuak: «Azaldu beharra dago, bereziki gazteenei, nondik gatozen eta zenbat irabazten ari garen bakeagaz».
Beltran de Herediak ertzain gehienak euskaraz hitz egiteko gai zergatik ez diren ere justifikatu nahi izan zuen, bere esanetan, «duela urte gutxira arte ertzain bakar batek ere ez zeukalako bere ordu libreetan euskaltegira joateko askatasunik».
Urruzuno, kanporatua
Segurtasun sailburua hizketan ari zen bitartean, Bakartxo Tejeria mahaiburuak isilik egoteko eskatu zien EH Bilduko legebiltzarkideei, eta ondoren, Unai Urruzuno legebiltzarkide ondarrutarra kanporatu egin zuen, Beltran de Heredia sailburuari «lotsagarria, lotsagarria, lotsagarria!» esatearren.