Bost ondarrutarren lanak entzun ahalko dira UKKEME kontzertuan
Zapatuan, 20:15ean Ondarroako Andra Mari elizan izango da kontzertua, eta bertan Ondarroako Unanue Kamara Koralak eta Markina-Xemeingo Emeki Koralak parte hartuko dute. Kontzertuko errepertorioa, Urtza Alkorta, Leire Bilbao, Mikel Etxaburu , Kirmen Uribe eta Jabier Ituarte ondarrutarren lanek osatuko dute, besteak beste.
Leire Bilbao idazlearen Izarrak ortuan testuari 2010ean Jabier Ituartek jarritako musikarekin egindako lana izango da horietako bat. Beste alde batetik, Kirmen Uribe idazlearen Munduari begiratzeko beste modu bat lanari Xabier Sarasolak egindako kanta ere eskainiko dute. Hauez gain, sortzaile ondarrutarren bi estreinaldi ere entzun ahal izango dira UKKEME kontzertuan: Urtza Alkortak idatzitako Dzanga testuari Eva Ugalde donostiarrak jarritako melodia alde batetik, eta Mikel Etxaburu olerkariak idatzitako Txoria dator esatera lana Don Basicen melodian txertatuta bestetik. Lan hauez gain, beste zortzi obrak osatuko dute zapatuko kontzertua; a capella abestuak edo instrumentuekin lagunduta: pianoa, bateria, perkusioa, kontrabaxua eta baxu elektrikoa besteak beste. Unanue Kamara Koraleko eta Emeki Koraleko 30 emakume urtarrilaz geroztik ari dira elkarlanean proiektu hau prestatzen, Yolanda Loira eta Estibalitz Arrizabalagaren zuzendaritzapean. Gonbidatu berezia. UKKEME kontzertuan gonbidatu berezia ere egongo da, Olatukantu abesbatza hain zuzen. Koral hau, Ondarroako Unanue udal musika eskolan sortutako taldea da, 25 ahots zurik osatua. Yolanda Loira zuzendariaren gidaritzapean bi abesti kantatuko dituzte. Markina-Xemeinen ere egongo da aukera UKKEME kontzertuaz gozatzeko. Uztailaren 13an, Karmengo elizan eskainiko dute kontzertua, 22:00etan. Unanue Kamara Koraleko partaideek herritarrak animatu nahi izan dituzte zapatuko kontzertura joateko, arlo desberdinetako ondarrutarren lanez gozatzeko aukera egongo baita Andra Mari elizan, 20:15ean.