Markina-Xemeingo Triatloi Txikia indarra hartzen doa urtez urte. 94 neska-mutilek hartu zuten parte joan den domekan burutu zen Alarabi Triatloi Taldeak antolatutako IX. proban.
Giro ederra eduki zuten kirolean aritzeko Ondarroa, Lekeitio, Durango, Markina-Xemein eta aurten estreinako Sestaotik ere etorri ziren triatletek.
Gaztetxoak Markina-Xemeingo Triatloi Txikian parte hartzen. Argazkia: Alarabi Triatloi Taldea
6 urtetik 16ra bitarteko neska-mutilek parte hartu zuten proban, eta bakoitzak bere adinaren araberako distantziak egin behar izan zituen, igerian, bizikletan eta korrika.
Emaitzak garrantzirik ez bazuen ere, erakustaldia eskaini nahi izan zuten txikienetik hasi eta nagusiak arte, eta txalo eta animoekin erantzun zieten ikusleek. Urtero modura, guztientzako egon ziren opariak amaieran.
Gaztetxoa, bizikletan Markina-Xemeingo Triatloi Txikian parte hartzen. Argazkia: Alarabi Triatloi Taldea
Parte hartzaileak “pozik” geratu ziren Alarabi Taldekoen antolakuntzagaz. Ibilbidea ondo kudeatuta zegoela iritzi zitzaien, bai eta probarik proba erabiltzen diren boxen antolaketa eta antolatzaileek emandako azalpenak ere. Umeak “gustura” ibili zirela azpimarratu zuten.
Gaztetxoa Markina-Xemeingo Triatloi Txikiako bizikletako tartea egiten. Argazkia: Alarabi Triatloi Taldea