11 bikote ariko dira Markina-Xemeingo Helduen I. Trikitixa Txapelketan
Lea-Artibaiko hiru trikitilarik parte hartuko dute. Sarrerak salgai jarri dituzte udaletxean eta Uhagon kulturgunean. Hiruna pieza jo beharko dituzte partaideek11 bikotek parte hartuko dute uztailaren 8an estreinako lehiatuko den Markina-Xemeingo Heldu...
Lea-Artibaiko hiru trikitilarik parte hartuko dute. Sarrerak salgai jarri dituzte udaletxean eta Uhagon kulturgunean. Hiruna pieza jo beharko dituzte partaideek
11 bikotek parte hartuko dute uztailaren 8an estreinako lehiatuko den Markina-Xemeingo Helduen I. Txikitixa Txapelketan. Saio bakarra izango da, eta hiruna pieza jo beharko ditu bikote bakoitzak Uni frontoian 22:00etan eskainiko duten ikuskizunean.Bi aukera izango dituzte partaideek: trikitixa, arin-arina eta balsa edo rantxera jotzea euskarazko hitzekin edo porrusalda, fandangoa eta balsa edo rantxera jotzea euskarazko hitzekin.
Bikoteak batez ere gipuzkoarrak direla jakitera eman dute antolatzaileek, hala ere, Lea-Artibaiko partaideak ere egongo dira norgehiagokan: Ainara Kaltzakorta eta Goretti Serrano ondarrutarrak eta Mirari Azkune etxebarritarra.
Bultzada
Markina-Xemeingo Jai Batzordeak aspalditik galtzen joan diren helduen norgehiagoka biziak berreskuratu nahi izan ditu, «trikitixa munduari bultzada emateko asmoz». Esan dutenez, 24 urtetik gorakoen txapelketarik ez da antolatzen azken aldian Euskal Herrian, eta adin horretatik gorakoak ere plazetatik lehiara eraman nahi izan dituzte, bikoteak ezagutzera eman eta dagoen maila handia bistaratzeko. «Bikote oso onak dira, eta ikuskizun polita izango dela aurreikusten dugu», nabarmendu dute Jai Batzordeko kideek.
Emanaldirako sarrerak aste honetan jarri dituzte salgai. Uhagon kulturgunean aste osoan eta udaletxeko harreran astelehenetik barikura 09:30etik 13:30era eskuratu daitezke. Egunean bertan ere lortu ahal izango dira, frontoiko leihatilan, 19:00etatik aurrera. Prezioa 5 eurokoa izango da helduentzat, eta 2 eurokoa 16 urtetik beherakoentzat.
Guztira 11 sari egongo dira. Irabazleek 1.500 euro, txapelak eta oroigarriak eramango dituzte.