Lekeitio BHI-ko eraikin eraberritua inauguratu dute
Lekeitio BHIk joan den ikasturtean eraberritu zuten institutuko eraikinaren inaugurazioa egin zuen atzo goizean, jai giroan. Lekeitio BHIko ikasle, irakasle, zuzendari eta arduradunez gain, Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzako Administrazio eta Zerbitzu...
Institutuko ikasleek musika emanaldi bereziak eskaini zituzten hasteko frontoian, flauta, txistu, klarinete eta oraganoaren laguntzagaz, eta institutuko ordezkariek hartu zuten hitza ondoren.
Proiektu berriak
Eraikinaren berrikuntzagaz gainera, esku artean duten hezkuntza proiektu berria ere azaldu zuten. Emaitza akademikoez gain, guztiaren gainetik ikasleak pertsona onak izaten laguntzea dutela helburu nabarmendu zuten, eta horretarako oinarrizko balioetan hezitzen lagunduko duen proiektu berri bat egin dute denen artean, prozesu parte hartzaile baten bidez.
Beste proiektu bat ere aurkeztu zuten: Batuz izena jarri dioten Lea-Artibaiko Herri Ikastetxeen Sarea. Lea-Artibaiko eskola txikiek, eskolak eta hiru institutuek sare publikoa osatu dute.
Bestalde, Lagunkide proiektuko sariak emateko parada ere izan zen inaugurazioa. Institutuko elkarbizitza hobetzeko lanean ibili dira ikasleak ikasturte osoan. Baztertuta zegoenari taldera hurreratzen lagunduz eta eskua luzatuz. «Esan beharra dago benetako gogoa eta trebetasuna erakutsi duzuela zuon artean harreman osasuntsuak sustatzen. Horri esker, aurten, ikasle asko hobeto sentitu dira, institutuko giroa hobetu egin da».
Proiektuak aurkeztuta, musikari beste tarte bat eman eta berrikuntzak bisitatu zituzten.