Euskararekiko beste axolagabekeria bat Legebiltzarrean
Duela hilabete edo, Eusko Legebiltzarrera joan ziren Lekittoko Iturriotz institutuko gazteak. Sarrerako ertzainengana euskaraz hurbildu ziren argibide eske, horiek gazteleraz hitz egiteko esan zieten. Hau da, ofiziala den hizkuntzetariko bat erabiltzea...
Zoritxarrez, arazoaren muina sakonago dela deritzo Lekittoko EH Bilduk. Bere burua ere euskaldundu ez duen arduradun politiko batengandik ezin da espero ez hizkuntzarekiko sentiberatasunik ezta begirunerik. Are larriago beste hau, hizkuntz ofizial bi dituen komunitate bateko gobernukide batzuk elebakarrak izatea. Eta eurok EAJ-PNVkoak. Hizkuntz normalizazioa lehentasunezko arlotzat daukan gobernuak ezgaitu egin beharko lituzke politikari elebakarrak. Bistan da herri normalizatua izateko urrats dezente urratu behar ditugula!
Lotsabakokeria eta harrokeria, ostera, pasa den astean erakutsi zigun Beltran de Heredia sailburu andreak, EH Bilduk Lekittoko gazteekin gertatutakoaren inguruko azalpenak eskatu zituenean. Ertzainak euskaraz ez ikastearen erruduna ETA izan ei da. Gazteek iragana ere jakin egin behar ei dute eta «ulertu» (onartu) ertzainak elebidun ez izatea. Ertzainek ere eskubide laboralak ei dituzte. Eta errezkeria guzti horien ostean, 5 urteko plan lotsagarria aurkeztu zuen: PL1 ertzainen %50ak, azken promozioetakoak ia %100 elebidun izanik. Ederra plana!
Bai kontseilari andreak baita EAJ-PNVk hobe lukete umiltasun apurtxo bat eta dagokien erantzukizun politikoak eureganatu, aipatutako gertaeraren arduradun politikoak eurak baino ez dira eta. Zelan agertuko zaizkigu abenduaren 3an?