UKKEME kontzertua eskainiko dute Ondarroan
Ondarroako Unanue Kamara Koralak eta Markina-Xemeingo Emeki Koralak kontzertua eskainiko dute bihar, 20:15ean, Ondarroako Andra Mari elizan.Kontzertuko errepertorioa Urtza Alkorta, Leire Bilbao, Mikel Etxaburu, Kirmen Uribe eta Jabier Ituarte ondarruta...
Kontzertuko errepertorioa Urtza Alkorta, Leire Bilbao, Mikel Etxaburu, Kirmen Uribe eta Jabier Ituarte ondarrutarren lanek osatuko dute, besteak beste.
Leire Bilbao idazlearen Izarrak ortuan testuari 2010ean Jabier Ituartek jarritako musikagaz egindako lana izango da horietako bat. Beste alde batetik, Kirmen Uribe idazlearen Munduari begiratzeko beste modu bat lanari Xabier Sarasolak egindako kanta ere eskainiko dute. Horiez gain, sortzaile ondarrutarren bi estreinaldi ere entzun ahal izango dira UKKEME kontzertuan: Urtza Alkortak idatzitako Dzanga testuari Eva Ugalde donostiarrak jarritako melodia alde batetik, eta Mikel Etxaburu olerkariak idatzitako Txoria dator esatera lana Don Basicen melodian txertatuta, bestetik.
Lan horiez gain, beste zortzi obrak osatuko dute zapatuko kontzertua; a capella abestuak edo instrumentuekin lagunduta: pianoa, bateria, perkusioa, kontrabaxua eta baxu elektrikoa, besteak beste.
Unanue Kamara Koraleko eta Emeki Koraleko 30 emakume urtarrilaz geroztik ari dira elkarlanean proiektu hori prestatzen, Yolanda Loiraren eta Estibalitz Arrizabalagaren zuzendaritzapean.
Biharko kontzertuan gonbidatu berezia ere egongo da, Olatukantu abesbatza, hain zuzen. Ondarroako Unanue udal musika eskolan sortutako taldea da, 25 ahots zurik osatua. Yolanda Loira zuzendariak gidatuta, bi abesti kantatuko dituzte.
Unanue Kamara Koraleko partaideek herritarrak animatu nahi dituzte kontzertura joateko, arlo desberdinetako ondarrutarren lanez gozatzeko aukera egongo baita.
Markina-Xemeinen ere egongo da UKKEME kontzertuaz gozatzeko aukera; uztailaren 13an izango da, Karmengo elizan, 22:00etan.