Euskararen erabilera aztertzeko aukera eduki dute udal langileek
Bermeoko Udaleko Euskara Sailak udal langile guztiei zuzendutako saioak antolatu ditu, batetik, euskararen erabileraren inguruko hausnarketa egiteko, eta, bestetik, herrian euskararen erabileran eragiteko.Udal ordezkariek azaldu dutenez, joan den astea...
Udal ordezkariek azaldu dutenez, joan den astean egin zituzten lehenengo saioak, eta arlo ezberdinetako 40 langile inguruk parte hartu zuten; besteak beste, aurrez aurreko zerbitzuetako, bulegoetako, Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuko, udaltzainak eta herri lanetako langileak batu ziren.
Bermeoko Udaleko Euskara zinegotzi Juan Karlos Agirreren ustez, Bermeoko Udalak «euskararekiko erantzukizun soziala» dauka erakunde publikoa den heinean, eta «beharrezkoa da langileei euskara ahoz gehiago erabiltzeko baliabideak ematea».
Hori guztiori kontuan izanik, joan den asteko saioetan, euskararen egoera aztertu, eztabaidatu, jarrera aktiboak sustatu eta sentsibilizazioa landu zituzten udal langileek, «herrian horrek daukan eraginaren jakitun izan daitezen».
Uda ostean jarraitu
Saio horietan parte hartu duten langileen balorazioa «ona» izan dela dio udalak. «Erakundean euskararen erabilera areagotzeko aukerak badaudela adierazi dute, eta erabilera hobetzeko gogoa ere bai; izan ere, euskaraz egiteko jokaera kontzienteak pizteari garrantzia handia eman diote», azaldu dute.
Bermeoko Udaleko Euskara Sailak, bestalde, uda ostean saio horietan langile gehiagok parte hartzeko aukera emateko eta euskara erabiltzeko jokaera aktiboak sustatzeko lanean jarraituko duela adierazi du.