Atzerapenik ezean,
irailaren 15ean inauguratuko dutela zehaztu dute UR Lekeitio-ko kideek. Aparkalekua barne hartuta,
bi hektareako lur saila da, eta zailtasunaren arabera,
lau gune izango ditu. Zirkuitu horia umeena izango da, zirkuitu berdea ume eta helduena izango da, mailarik errezanekoa, eta beste biak zirkuitu urdina eta gorria izango dira.
Hala, ume zein helduek erakustaldirako zirkuitua egingo dute hasieran, hau da, segurtasun sistema zelan erabiltzen den ikasteko gunea.

“Oraindik datu tekniko batzuk zehaztu behar ditugu; behin obra dena amaitzean jakingo dugu zailtasun erreala zein den. Baina segurtasun sistemak zein altuera daukan kontuan hartuta, ume txikienak zirkuitu horian ibiliko dira, eta 9 urtetik gorakoak parke guztian ibili ahalko dira, zati batzuetan helduen laguntzagaz egon beharko dira”, azaldu dute UR Lekeitioko arduradunek.
Segurtasuna bermatuta. Erabiltzaileen segurtasuna bermatu, eta arriskurik ez izateko, segurtasun sistema jarraitua izango du parkeak. Ume zein nagusiak autonomiaz burutu ahalko dute zirkuitua, baina beti ere monitoreen begiradapean, eta horien aholku eta aginduak jarraituta.
Azaldu dutenez, oreka lantzeko jolasak egiteko aukera eskainiko du Mendexa Abentura Park-ak: tirolinak eta askotariko zubiak (tibetarra, nepaldarra, tximuena etab.).
70-80 metro bitarteko tirolinak egongo direla jakitera eman dute. “Garrantzitsuena parke segurua eta dibertigarria izatea da, ume, gazte zein nagusiek ondo pasatzea eta gozatzea”.
Aurten bi hilabetez egongo da zabalik, baina datorren urtetik aurrera,
martxotik azarora bitartean eskainiko dute zerbitzua. “Gero ikusiko dugu, esaterako, abenduko oporraldian asteren bat zabaltzea edo ez, hori eskariaren arabera izango da”.