Lekeitioko Mozolomendi autogestio eta herri botererako tresna bihurtu nahi dute
Neguan zehar egindako lana ospatu eta aurrera begira egin beharrekoak argitzen joateko, aldarrikapen, jai eta hausnarketa egun bat antolatu du Lekeitioko Mozolo Kolektiboak. Barikuan [ekainak 30] egingo dute ospakizuna Mozolomendi deritzoten lehenako maisu-maistren etxean.
Etxebizitza eskubidearen aldeko borrokan, behar zituenarentzat bizitoki bilakatzeko, aspaldi maisu-maistren etxeak zeuden eraikineko hainbat etxe okupatu zituzten 2013an. Mozolo Kolektiboko kideek jakitera eman dutenez, gaur egun, guztira, bost etxebizitza daude okupatuta, horietatik hiru bizitzeko erabilgarri daudelarik,. Gainera, epe laburrean hauek erabiltzen jarraitzeko prestaketa lanetan ari dira.”Espekulazio eta merkatuaren gainetik, bizitzeko aterpe bat izatea oinarrizko behar bat da, eta okupazioa horretarako tresna”.
Bizitzeko eremu izateaz gain, kolektiboaren asmoa esparru hau herrira zabaltzea da, “batez ere herri mugimendutik herriari zein mugimenduari egindako ekarpen bezala”. Horrela, neguan, okupatutako etxeetako bat erabilera anitzeko areto bihurtu dute, eta beste etxeetako bati biltegi, tailer eta bilera leku izaera eman diote. Egokitu duten aretoa hitzaldi, asanblada, ikastaro, liburutegi zein lasai egoteko gune bat izango da, kafea, infusioak edota janariak prestatzeko aukera emango duen sukalde bategaz. Beste aretoak, bestalde, taldeek bilera txikiak egin, propaganda prestatu zein materiala gordetzeko funtzioa izango du.
Autogestio eta herri botererako tresna. Espazio batetik harantzago, herri botere, autogestio eta ekintza zuzenean oinarritutako filosofia praktiko bat barneratzen du Mozolo Kolektiboak bultzatutako egitasmoak. “Bizi garen gizarte kapitalista honetan, gure bizi baldintza zein bizi ereduak kapitalismoak zein merkatuak zuzentzen ditu. Horren aurrean, kapitalismoaren aurkako borroka eta autodefentsa egitetik harago, derrigorrezkoa iruditzen zaigu autogestio praktika komunitarioak eratzea, herritarrok ahalik eta esparru gehienetan boterea lortuz”.

Lekeitioko Duindduz! herri mugimenduko kideak Lekeitioko etxe hutsen egoera salatzen. Atzean Mozolomendi deritzon eraikin okupatua.
Norabide horretan bestelako praktika batzuk indartzeko ahalegina egingo dute, eta eraikitzen ari diren bitartekoak herri mugimenduko beste kolektibo zein pertsonari eskaini. “Jakin badakigulako, herriaren eta langileriaren arazoak herriak eta langileriak besterik ez dituela konponduko, antolakuntza eta borrokaren bidez; eta sistema eta boterea espazio askeen aurka ematen ari den oldarraldiaren aurrean (Kortxoenea, Iruñeko Alde Zaharra, Hendaiako Gaztetxea, Oihuka, Izar Beltz, Errekaleor, Tosu…) erantzuteko modurik onena espaziook indartu eta biderkatzea delako”.
Guzti horretaz hausnartuko dute barikuan antolatu dituzten ekimenekin. Hurrengoa izango da EGITARAUA:
- 10:00. AUZOLANA: ortuaren garbiketa, aretoko lurra jartzea, liburutegia osatzea, bazkaria, haurren zaintza…
- 14:00. BAZKARIA
- 18.00. MAHAINGURUA: “Langile klasea eta erresistentzia”, ROAL fabrikako borroka, etxeetako emakume langileak eta Iruñerriko Langileen Autodefentsa Sareko kideekin.
- 22.00. HIP HOP-REGGAE GAUA: Sustrajah Band eta Ziribulio Sound taldeekin. Euria dela eta, Konpainiako eliza aurrean barik Otoio tabernan izango da.