Azken urteetan jaiaz gozatzera zenbat lagun etortzen diren kontuan hartuta, herriko beste zenbait txokotara zabalduko da aurten 20. Zapato Azule. Honen harira, Musika Plazako txosnak ere 19:00etan zabalduko dituzte, eta Arrigorriko plazan ere ordu berean hasiko da jai elektronikoa.
Antolatzaileen esanetan, aurten ere Dinamartxak mugituko du jende gehien. Bizikletaz 200 lagun etorriko dira Tolosatik Ondarroara, mendiz-mendi 67 pertsona eta igerian 20 bat lagunek egingo dute Mutrikuko portutik Ondarroako Zubi Zaharrerainoko bidea. Gainera, nabarmendu dutenez, azken urteetan galduta egon den Tolosa eta Ondarroaren arteko lotura hori berreskuratuko da aurten, tolosarrez osatutako 20 bat laguneko belaunaldi berri batek egingo baitu aurten Dinamartxa. Azpimarratu dutenez, lotura hori berreskuratzea lortzearen arrazoietako bat Nagore Salaberria tolosarrak Dina Bilbaori buruz idatzitako liburua izan da. Hiru Dinamartxak batera helduko dira Alde Zaharrera, 14:00ak inguruan.
Euskal Herriko Kamiseta Azokan 23 postu egongo dira aurten, 11:00etatik 15:00etara Latxanbre Enparantzan. 10 izango dira ondarrutarrak (bederatzi salmenta postu eta turismo bulegoarena) eta gainontzeko 13ak Euskal Herriko beste hainbat lekutatik etorriko dira. Antolatzaileak “pozik” daude, aurten ere erantzun bikaina izan duelako azokak.
Dinamartxa alde zaharrean sartzen, iaz.
Brigada Moreak. Etxelilak eta Radixu Irratiak elkarlanean, Zapato Azulean egon daitezkeen eraso sexista oro salatzeko telefono zenbaki bat jarri dute erabilgarri (679 75 68 24). Telefono honen bitartez, zapatuan gertatzen diren eraso guztiak identifikatu eta behar den neurriko erantzuna ematea ahalbidetu nahi da. Radixu Irratiko kideek, eraso hauen haurrean nola jokatu behar duten jakiteko ikastaro bat ere egin berri dute. Balibideak ezagutzen dituzten emakumeek kudeatzen dute aipatutako telefonoa, eta zapatuko 13:00etik uztailaren 2ko 8:00etara egongo da martxan.
Beste alde batetik, edalontzi berrerabilgarriak erabiltzeko deia ere luzatu nahi izan du Radixuk: “herria ahalik eta garbien mantendu behar dugu, eta ekologiaren garrantziaz jabetu”. Edalontzi hauek txosnagune guztietan egongo direla eskuragarri gaineratu dute.
Jendetza hurbilduko da zapatuan Ondarroara.
Zapatu urdiñe. Radixu Irratiko kideek argi laga nahi izan dute Zapato Azulari ez zaiola izenik aldatu. Zapatu Urdiñe izena kartelean soilik agertu dela, eta egunari ez zaiola izenik aldatu. Kartelean izen hori agertzearen arrazoia Imanol Oruemazaga Baseta zenak jaia ospatu zen lehen aldian Bolo-Bolo aldizkarira zorionak emateko bidalitako eskutitz bat dela aitortu dute. Horrekin lotuta, bere omenez zeozer egitea egokia zela iruditu zitzaien, nahiz eta duela urte batzuk beste omenaldi bat egin zioten Oruemazagari. “Zapatu Urdiñe” izan behar zen bere esanetan jaiak hartu behar zuen izena. “Maite genuelako eta berak Zapato Azule asko maite zuelako egin nahi izan diogu ekarpen hau”. Izenarekin lotuta herrian sortutako eztabaidak erakutsi du antolatzaileen esanetan “Zapato Azule, antolatzaileen gainetik herritarrek eurena egin duten jaia dela”.
Antolatzaileek, dei egin diete zapatuan Ondarroara hurbiltzen diren guztiei jaia errespetatzera eta bere zentzua eta izaera ulertzera. Errespetuz jokatzeko deia ere luzatu dute, bai ingurua zaintzeko eta baita sexismoa saihesteko.
Iazko argazki galeria:
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.