Martitzenean [uztailak 4] lehertuko dira San Martin jaiak Amoroton,
Txantxuntxunen ongietorriagaz eta txupin jaurtiketagaz. Bertsolariek eta trikitilariek alaituko dute jaien hasiera.
Kulturak, musikak eta lehiaketek hartuko dute jaien zati nagusia. Euskal Herriko talde ezagunenetarikoak ariko dira Amorotoko frontoian:
Gozategi, Zea Mays, Skakeitan, Txapelpunk… Musika atsegin dutenek ez dute aspertzeko aukerarik edukiko sanmartinetan. Baina horiez gain, trikitilariek eta erromeriek ere edukiko dute tarterik.
Uztailaren 8an, mus eta briska txapelketak jokatuko dira frontoian. Iaz, adibidez, eskualdeko, Busturialdeko zein Durangaldeko kartazalerik ez zen falta izan. 25 bikote aritu ziren musean; eta 14 briskan. Giro ederra egon zen frontoian.
[jaietako EGITARAUA ikusi]
Mus txapelketa 17:00etan hasiko da, eta lau erregetara ariko dira; bikote bakoitzak 15 euro ordaindu beharko ditu izena emateko. 16:15etik 16:45era bitartean egongo da zabalik izen ematea. Irabazleak, txapela eta 200 euro eramango ditu etxera, bigarrenak 100 euro, hirugarrenak 75 euro eta laugarrenak 40 euro.
Briska txapelketa, berriz, 17:30ean hasiko da. Kasu horretan, izen ematea 10 eurokoa izango da bikoteko, eta izen ematea 16:45etik 17:15era bitartean egongo da zabalik. Irabazleek txapelak eta 150 euro eramango dituzte, bigarrenak 100 euro, hirugarrenak 50 euro eta laugarrenak 25 euro.
[jaietako EGITARAUA ikusi]
Uztailaren 9an ere, lehiaketekin jarraituko dute. Kuadrillen arteko paella lehiaketa egingo da egun horretan. Oraingoan, baina, lehiaketara aurkezten dituzten paellak bazkari herrikoian jateko erabiliko dituzte.
Ume eta gaztetxoek ere ez dute aspertzerik edukiko. Ingurumena zaintzearen garrantzia azaleratuko du Reziklator!-ek uztailaren 5ean: 2 eta 12 urte bitarteko haurrek modu dibertigarri eta parte-hartzaile batean birziklapenaren garrantzia barneratzeko ikuskizuna da. Horretarako, gorputz perkusioa eta musika tresna birziklatuak elkartzen dituzte
Zo-Zongo! taldeko kideek. Guztira, ordu eta erdi inguru ditu, eta hiru zatitan banatuta egongo da: emanaldiaren hasieran, 30 minutuko antzerki bat egongo da. Ondoren, birziklagarriak diren materialekin jantzi eta txapel berezi batzuk egiten erakutsiko diete neska-mutilei, eta azkenik, haurrek eta antzezleek, denek batera, 30 minutuko kalejira «dibertigarri eta alai bat» egingo dute.
[jaietako EGITARAUA ikusi]
Autobus zerbitzua, eskura. Amorotoko Udalak autobus zerbitzua erabiltzeko deia luzatu die Amorotora joateko asmoa daukatenei. Uztailaren 4an, 7an eta 8an, Lekeitiotik eta Markina-Xemeindik autobusak egongo dira Amorotora joateko eta handik itzultzeko. Bestalde, uztailaren 7an, Lea-Artibai Amankomunazgoak ezarritako Gababus zerbitzua egongo da eskualdeko beste herrietatik.
Kultura batzordeak Amorotoko jaietara joateko deia luzatu die guztiei, eta doazenei ondo pasatzeko eta errespetuz jokatzeko eskaria egin die.
Iazko jaietako argazki galeria: