Urtero modura, Karmen jaien atarian, Atletismo Eguna antolatu dute Markina-Xemeingo Atletismo Taldeak eta Bekobenta Eskolak. Lehenengo, gaztetxoei zuzendutako abiadura probak egongo dira, eta amaitzeko, Herri Krosa.
17:00etan hasita, 60 metro, 100 metro eta 600 metroko
abiadura probak eta
erreleboak egingo dituzte aurrebenjamin, benjamin, alebin, txiki eta kadete mailetako atletek Zelaiaren inguruan. Horrez gain, bi kilometrotako
kros txikia egingo dute txikiek eta kadeteek 18:30ean hasita, eta Herri Krosak herria zeharkatzen duen bitartean
pisu jaurtiketa edukiko dute Zelaiko berdegunean.
Atleta gazteak abiadura probetan parte hartzen.
16 urtetik gorakoentzako Herri Krosa
19:00etan hasiko da, eta guztira,
7,8 kilometro edukiko ditu ibilbideak. Azken urteetan bezala, Zelaiari buelta bat emanez hasiko da lasterketa eta San Agustin kalean zehar Xemeinerantz abiatuko dira korrikalariak. Lea Artibai Ikastetxearen ondotik Arretxinagarantz joango dira eta Barroeta futbol zelaiaren ondotik igarota, Beko Benta kaletik Bolurantz hartuko dute bide gorritik Atxondo kiroldegiraino jarraitzeko. Kiroldegiari buelta eman eta Ibaibarreneta aurretik Frai Bartolome kalerantz abiatu eta Goiko Portalera sartuko dira, Zelaira ailegatzeko. Ibilbide hori guztia bi bider egin beharko dute korrikalariek Zelaiko helmugan sartu orduko.
Sari banaketa Zelaian bertan izango da. Abiadura probetan maila bakoitzeko lehen hiru neska-mutilentzat egongo dira sariak. Pisu jaurtiketan eta erreleboetan, berriz, lehenengoarentzat egongo da garaikurra. Krosari dagokionez, bestalde, gazte, nagusi eta beteranoen mailetako lehen hiru andra-gizonek garaikurra eta diru saria eramango dituzte.
Jendea korrika Markina-Xemeingo Herri Krosean.
Atletismo Eguneko probetan parte hartu nahi dutenek,
11:00etatik 13:00etara, eta
15:00etatik aurrera, norbere proba baino ordu erdi lehenagora arte, edukiko dute izena emateko aukera. Hala ere, abiadura probetan zein krosean parte hartuko duten Markina-Xemeingo bizilagun guztiei izena
goizean emateko eskaera egin diete antolatzaileek. “Arratsaldean jende asko batzen da, eta lasaiago ibili eta atzerapenik ez egoteko goizean izena ematea eskertuko diegu”.