Biharko egunez [uztailak 7], orain dela 400 urte, Hiribilduko kabildoa eta erregimentua, elizakoa zein sekularra alde batetik, eta Sologureneko Juan aita fraidea Kantabriako probintziako frantziskotar ordenaren ministro probintziala bestetik, Lekeition Frantziskotarrei San Nicolas irlan komentua egiteko baimena eman eta horretarako baldintzak ezartzeko elkartu ziren. Sakristian elkartu ziren lehenengo, eta islara joan ziren ondoren, bertan ere akta irakurtzeko. Moilarik ez zegoen orduan oraindik, eta beraz, hondar gainetik joan ziren irlaraino.
Lekeitioko portua, Garraitz irla atzean duela.
Herriak eta parrokiak frantziskotarrei komentua eraikitzeko baimena eman zieteneko egun hori gogoan, gertaeraren 400. urteurrena ospatuko dute bihar [uztailak 7], Lekeition.
Atabaka kultur elkarteak antolatuta, 1617. urteko uztailaren 7ko gertaerak antzeztuko dituzte. Hainbat herritarrez gain, antzezpenean Lekeitioko eleizako, udaleko eta kofradiako ordezkariek, eta Mendexako eta Ispasterko alkateek parte hartuko dutela aurreratu dute Atabakako kideek.
Egitaraua. Orduan gertatu bezala,
09:30ean sakristian elkartuko dira aktoreak sasoi hartako arropak jantzi eta komentua egiteko baimena eman zuteneko akta irakurtzeko. Ondoren, irlako moilaren hasierara joango dira guztiak, Itxaropena txistulari elkarteko txistulariekin batu eta moilan zehar, Garraitz uhartera abiatzeko.
10:30ean, jarri dute hitzordua.
11:00ak aldera, berriz, akta irakurriko dute irlan bertan, denen aurrean. Atabakoek azaldu dutenez, akta elizako artxiboetan aurkitu zuen
Vicente Urkiza parroko ohiak. Ekitaldiagaz amaitzeko, azkenik, hamaiketakoa egingo dute Malekoiko txiringitoan.