Udako lehen Master Series jokatuko da gaur, Markina-Xemeinen
Jokin Arbe eta Jonhatan Etxebarria herriko puntistek parte hartuko dute txapelketan. 22:00etan hasiko dira finalerdiak. Finala Karmen Egunean jokatuko daJai Alai World Tour zesta-punta zirkuituaren uda honetako lehen Master Series jokatuko da gaur, 22:...
Jokin Arbe eta Jonhatan Etxebarria herriko puntistek parte hartuko dute txapelketan. 22:00etan hasiko dira finalerdiak. Finala Karmen Egunean jokatuko da
Jai Alai World Tour zesta-punta zirkuituaren uda honetako lehen Master Series jokatuko da gaur, 22:00etan, Markina-Xemeingo Pilotaren Unibertsitatean. Maila handiko profesionalak bilduko ditu, urtero legez, txapelketak. Hala, AEBetako eta Mexikoko frontoietan jokatzen ibili diren puntistak aterako dira Pilotaren Unibertsitateko kantxara ikuskizuna eskaintzera.Markina-Xemeingo pilotari bik parte hartuko dute txapelketan. Jokin Arbek eta Jonathan Etxebarrieta Etxebak.
Lehenengo finalerdian, Etxebak Diego Beaskoetxea figura handiagaz osatuko du bikotea, eta Xabi Barandika gernikarra eta Mikel Amigorena gasteiztarra izango dituzte aurkari.
Beaskoetxea Daniako aurrelari onena izan da azken denboraldi honetan. Baina Barandikak eta Ekhik bikote ona osatzen dute. Gernikako gaztea behetik gora ari da profesionaletako lehenengo urte hauetan, eta azken denboraldian Daniako hirugarren aurrelari onena izateaz gain, Mexikoko Diez Barroso txapelketan podiumeko postua lortu berri du Lekerikagaz.
Partida berezia
Floridako (AEB) Dania Jai Alai pilotalekuan denboraldi bi egin eta gero, Euskal Herrira itzultzea erabaki du Jokin Arbe Markina-Xemeingo aurrelariak. Uda honetan, Gernika Jai Alai enpresagaz partidu batzuk jokatzeko aukera izango du, eta gaurkoa izango da lehenengoa.
Mexikon denboraldi bikaina egin duen Gasteizko Ekhi Martinez izango du bikote, gaur, Arbek. Euren aurkariak, berriz, Berriatuko Ibon eta Aimar Aldazabal anaiak izango dira.
Finalerdiak irabazten dituzten bikoteek uztailaren 16an jokatuko dute finala, 18:00etan. Egun horretan, gainera, Goikoetxea-Lekerika eta Erkiaga-Irastorza bikoteen arteko erronka ikusteko aukera ere egongo da. Goikoetxea jokatzen ikusteko aukera bakarrenetakoa izango da Karmen Egunekoa.