Adin eta maila ezberdinetako txirrindulariek zeharkatu dute Lea-Artibai eskualdea gaur [uztailak 8] goizean. 09:00etan irten dira Markina-Xemeingo
Plazabarripetik eskualdean zehar buelta emateko. Lau ibilbide izan dituzte aukeran –43 kilometroko ibilbide motza, 70 kilometroko ibilbide ertaina , 96 kilometroko ibilbide luzea eta 110 kilometroko ibilbide oso luzea–, eta bakoitzak aukeratu ahal izan du bere neurrikoa. Nahi izan dutenek, Lekoiztik gorako igoera neurtua egiteko aukera ere eduki dute, txipagaz neurtuta.
Estreinekoz egin den
Lea-Artibai Klasikoa errepideko zikloturista martxa, elkartasun martxa ere izan da, Izarbidean-en aldekoa. Hala, lortzen dutena elkartearentzako izango da.
[Zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
200 lagunetik gora zeuden izena emanda, baina azken ordukoak ere animatu dira, eta beraz, azkenean, 250 txirrindulari atera dira errepidera. Martxa hasi aurretik jaso dituzte lehen
opariak, parte hartzeagatik: Izarbidean elkartearen botilatxoa, eta sagardo botila, txakolin botila, gazta edo eztia aukeran. Martxaren amaieran, gainera, Amets Txurruka txirrindulariaren jantzia, masaje bonoa, eta hotelean gaua edo afaria zotz egin dituzte parte hartzaile guztien artean.
Gonbidatu berezia izan du Lea-Artibaiko zikloturista martxak. Txirrindularitza profesionala utzi berri duen
Amets Txurruka Ansola Etxebarriko txirrindulariak ere parte hartu du martxan; berak eta bere lagunek eman diote martxari hasiera. Tartean egon dira
Pello Bilbao (Astana) eta
Omar Fraile (Dimension Data) taldeetako txirrindulariak.
Ibilbidetik bueltan, hornidura gunea aurkitu dute parte hartzaileek Plazabarripean. Entsalada pasta, pintxoa eta garagardoa eduki dituzte indarrak berreskuratzeko. Ondoren, sariak banatu dizkiete lehen hiru emakume eta gizonezkoei.