Munitibarko Udalak
Zeuaz egitasmoaren barruan, ume eta gaztetxoen aisialdirako guneak eta beharrizanak definitzeko lanean, haien
iritzi eta proposamenak jasotzeko hainbat saio egin dituzte, eta horien emaitzak jakitera eman berri dituzte.
Horrela, herriko ume eta gazteen ekarpenak jasota haien beharrizanetara egokitutako aisialdi guneak sortzea edota gaur egun dituztenak egokitzea da udal gobernu taldearen helburua.
Aisialdirako
lehentasunak definitzeko bi tailer egin zituzten maiatzaren amaieran, bata eskola umeekin, eta bestea 10 eta 18 urte bitarteko ume eta gaztetxoekin. Horietan balorazioa egiteko eskatu zieten, eta herriko espazio publikoa haien mesedetan aberasteko proposamenak egin zituzten.
Udalaren eskariz, Ianire de Andres Olabarria arkitektoak gidatu zituen aipatu parte hartze saioak, eta zapatuan [uztailak 8] hark egindako
txostena aurkeztu zien
gurasoei. Azalpenak emateagaz batera, bertaratutakoen dudak argitu zituen, eta eztabaida irekia izan zuten, ondorioen inguruko iritziak trukatuz.

Zapatuan txostena aurkeztu zieten gurasoei.
Argazkia: Munitibarko Udala.
Aurrera begira txostenak utzitako ondorioak aztertu eta
balorazio ekonomiko eta teknikoak egingo dituztela azaldu dute udal ordezkariek: “Prozesu honen helburu nagusia aisialdirako ume eta gazteek dituzten lehentasunak eta beharrizanak ezagutzea izan da, datozen urteetako aurrekontuetan sartu daitezkeen proiektuak osatzeko orduan euren iritzi eta parte hartzea ezinbestekoa jotzen dugulako”.
Eskariak. Adinaren arabera beharrizanak eta balorazioak desberdinak direnez, horiek zehazteko hiru talde bereizi dituzte: Haur hezkuntzako umeak, Lehen Hezkuntzako umeak eta Bigarren Hezkuntzako eta Batxillergoko gazteak.
Egindako proposamenen artean, batzuek zein besteek haien lehentasunak definitu dituzte. Hain zuzen ere, lehen hezkuntzako umeen kasuan,
tirolina edota zabu borobilaren beharra ikusten dute. Arkitektoak zehaztu duenez, parkea txiki geratu zaie, eta frontoiaz gain beste txoko baten premia dute: “Haientzat aproposa den espazio ireki bat behar dute. Adin tarte horretan oraindik garrantzia du talde-jolasak. Herrian talde sentipena indartuko eta gogoraraziko duen espazio atsegin bat sortzea da gakoa, eskolaz kanpo elkar identifikatzen lagunduko dien giroa izateko”.
Nagusiek ere argi dute haien eskaria; elkartzeko leku bat faltan botatzen dute. Hau da,
gazte-lokal bat edo ludoteka behar dutela diote, elkarrekin egoteko bideojokoetan jolasten edota musika entzuten ari diren bitartean.
Bestalde, haur hezkuntzako umeei dagokienez,
naturaz inguratutako zirkuituak beharrezkoak direla ikusi dute, eta horietan haien sormena garatzeko elementu aproposak edukitzea ezinbestekoa dela zehaztu dute.