Emakumeen sormena eta produkzio artistikoa bultzatzea, ikusgarri egitea eta haien lanak aintzat hartzea du helburu Artestura Feministak
lehiaketak; beti ere
ikuspuntu feminista batetik egindako lanak. Emakumeen Etxeen Sareak antolatu du lehiaketa, eta sare horretako kide da Ondarroako Etxelila.
Lehiaketan jasotzen dituzten lan guztiekin, Emakumeen Etxeen Sarearen barnean dauden herri guztietatik igaroko den
erakusketa ibiltari bat egingo dute. Ondarroako Etxelilan, adibidez,
ondarrutarrek egindako lanak jarriko dituzte ikusgai.
Sariak. 400 euroko zortzi sari banatuko dira, eta 200 euroko beste zortzi aipamen berezi emango dira. Herri bakoitzak sari eta aipamen berezi bana banatuko du, baina epaimahai bat izango da saridunak aukeratzen dituena. Aipamen bereziko zortzi sarietako bat irabazi ahal izateko, sareko udalerriren batean erroldatuta egotea lehenetsiko da.
Emakume asko dabiltza mundu horretan sartuta, baina haien lana ez da inon ikusten, ikusezin dago.
Ondarroako Udalak jakitera eman duenez, garrantzitsua da emakumeen sorkuntza lanak
ezagutzera ematea. Bisit Beiro berdintasuneko zinegotziaren esanetan, badakite emakume asko dabiltzala mundu horretan sartuta, baina haien lana ez da inon ikusten, “ikusezin dago”. Artestura bezalako lehiaketak bultzatzearen garrantzia ere nabarmendu nahi izan du Beirok, egoera horri buelta eman ahal izateko.
Emakumeen Etxeen Sareak azaldutakoaren arabera, 2016an lehen proiektu bateratua egin zuten: Testurak izeneko bertso saioa, sareko kide diren udalerri guztietan programatu zena. Eta aurten, lehiaketa horren ondorioa egingo dute, Artestura feministak erakusketa ibiltaria.