Jose Mari Naberani buruzko ikerketa aurkeztuko du Lore Bengoetxeak Ondarroan
Bihar [uztailak 13] egingo da aurkezpena Kofradia Zaharrean, 19:00etan. Ondarroako Udalak ematen duen beka da, eta oraingoan Jose Mari Naberan ondarrutarraren bizitza ikertu du Lore Bengoetxeak. Unai Barrenetxea kirol zinegotziaren esanetan, “emakume eta gaztetxoen kirolari bere bizitzako zati handi eskaini zion Naberanek eta horren berri herritar guztion oroimenean jaso behar dugu”. Hori dela eta bihar arratsaldean aurkezpenera joateko deia luzatu du Ondarroako Udalak. Bengoetxeak berak emango ditu azalpenak biharko aurkezpenean.
Zein izan da Jose Mari Naberan Ondarroako kirolean? Zer suposatu du?
Ez da erraza Jose Mari Naberan Ondarroako kirolarentzat zer izan zen esatea. Herriko kirolean aitzindaria izan zen, bai atletismoa lantzen hasi zelako eta baita genero ikuspuntutik ere. Futbolak pisu handia zeukan momentu batean berak atletismora jende asko hurbiltzea lortu zuen. Ekintzailea zen, eta berak sinesten zuen hori azkeneraino eramaten zuen. Oinarrizko formakuntzari garrantzi handia ematen zion, eta kirol heziketan hutsune bat zegoela ikusi zuen. Bere inguruan jende asko inplikatzea lortu zuen, ikastolako guraso eta ikasle asko esate baterako.
Zer iruditu zaizu deigarriena ikerketa hau egin duzunean?
Ez zait deigarria egin, baina Naaberani buruz neukan ideia handituz joan da urteetan bere inguruan aritu direnekin egon ostean. Ikastolako ikasle eta gurasoentzat erreferente bat izatea lortu zuen, bere kemena eta irakasteko gogoa zirela eta. Konturatu naiz jende askorengan eduki zuela eragina, eta herrian oso maitatua izan den pertsona bat izan zela. Bestalde, nahiz eta atletismoan egindako lanarengatik izan ezaguna, ikastolako kirol talde haren inguruan sortu zuen saskibaloi taldeagaz ere aitzindaria izan zen herrian. Atletico San Sebastian taldeko kideekin berbetan egonda, Ondarroa bezalako herri batetik sasoi batean hainbeste atleta ateratzearen ardura Naberanena zela nabarmentzen dute.
Nabaritu al duzu alderik Jose Mari Naberani buruzko ikerketa egiterakoan egin dituzun beste ikerketa lan batzuekin (Arraun Elkartearena esaterako, iaz)?
Ez dut alde handiegirik nabaritu. Behar bada Arraun Elkartea oraindik martxan dagoen elkarte bat izan dela, eta pertsonak baino etapak ikertu behar izan nituela. Naberanen kasuan, pertsona bera da ikertu dudana, eta bera nolakoa zen jakiteko gehiago hurbildu behar izan naiz bere ingurura. Baina ez soilik bere senideengana, baizik eta futbolean edo enpresa munduan berarekin aritu direnengana ere bai, arlo horietan ere eragin handikoa eta oso maitatua izan baitzen. Halako ikerketa batek lan luzea egitea dakar, eta ate asko jo behar izatea, baina herriko kontuak dira eta niri asko gustatzen zait horretan jardutea.