Ume eta gaztetxoekin egindako saioen ondorioak jaso dituzte
Zeuaz egitasmoaren barruan, ume eta gaztetxoen aisialdirako guneak eta beharrizanak definitzeko lanean, haien iritzi eta proposamenak jasotzeko hainbat saio egin dituzte, eta horien emaitzak jakitera eman berri dituzte.Horrela, herriko ume eta gazteen ...
Horrela, herriko ume eta gazteen ekarpenak jasota haien beharrizanetara egokitutako aisialdi guneak sortzea edota gaur egun dituztenak egokitzea da udal gobernu taldearen helburua.
Aisialdirako lehentasunak definitzeko bi tailer egin zituzten maiatzaren amaieran, bata eskolako umeekin, eta bestea 10 eta 18 urte bitarteko ume eta gazteekin. Balorazioa egiteko eskatu zieten parte hartzaileei, eta herriko espazio publikoa haien mesedetan aberasteko proposamenak egin zituzten.
Herriko txoko eta parkeei buruz duten iritziaz galdegin zieten, eta haurren parkeari probetxu gehiago ateratzeko «eraldaketa premia» ikusi du udalak, eta ume eta gazteak» prozesuaren protagonistak» izatea.
Udalaren eskariz, Ianire de Andres Olabarria arkitektoak gidatu zituen aipatu parte hartze saioak, eta joan den zapatuan hark egindako txostena aurkeztu zien gurasoei.
Azalpenak emateagaz batera, bertaratutakoen zalantzak argitu zituen, eta eztabaida irekia izan zuten, ondorioen inguruko iritziak trukatuz.
Balorazioak
Aurrera begira txostenak utzitako ondorioak aztertu eta balorazio ekonomiko eta teknikoak egingo dituztela azaldu dute udal ordezkariek: «Prozesu honen helburu nagusia aisialdirako ume eta gazteek dituzten lehentasunak eta beharrizanak ezagutzea izan da, datozen urteetako aurrekontuetan sartu daitezkeen proiektuak osatzeko orduan euren iritzi eta parte hartzea ezinbestekoa jotzen dugu- lako».
Eskariak
Adinaren arabera beharrizanak eta balorazioak desberdinak direnez, horiek zehazteko hiru talde bereizi dituzte: Haur hezkuntzako umeak, Lehen Hezkuntzako umeak eta Bigarren Hezkun- tzako eta Batxillergoko gazteak.
Egindako proposamenen artean, batzuek zein besteek haien lehentasunak definitu dituzte. Hain zuzen ere, Lehen Hezkuntzako umeen kasuan, tirolina edota zabu borobilaren beharra dagoela iritzi dute.
Arkitektoak zehaztu duenez, parkea txiki geratu zaie, eta frontoiaz gain, beste txoko baten premia dute: «Haientzat aproposa den espazio ireki bat behar dute. Adin tarte horretan oraindik garrantzia du talde-jolasak. Herrian talde sentipena indartuko eta gogoraraziko duen espazio atsegin bat sortzea da gakoa, eskolaz kanpo elkar identifikatzen lagunduko dien giroa izateko».
Nagusiek ere argi daukate haien eskaria; elkartzeko leku bat faltan botatzen dute. Hau da, gazte lokal bat edota ludoteka bat behar dutela diote, elkarregaz egoteko, bideojokoetan jolasten edota musika entzuten ari diren bitartean.
Beste alde batetik, Haur Hezkuntzako umeei dagokienez, naturaz inguratutako zirkuituak beharrezkoak direla ikusi dute, eta horietan haien sormena garatzeko elementu aproposak edukitzea ezinbestekoa dela zehaztu dute.