50 artzain txakur egongo dira zapatuan, Busturian
Euskal Artzain Txakurren erakusketa monografikoa egingo dute Busturian zapatu honetan. Urtero legez, Axpen batuko dira parte hartzaileak, eta aurtengoa 24. erakusketa izango da.Busturiko Udalak jakitera eman duenez, 50 txakurren izenak eman dituzte par...
Busturiko Udalak jakitera eman duenez, 50 txakurren izenak eman dituzte parte hartzeko; horietatik hamasei berriak dira. Gainontzekoek lehiaketan parte hartuko dute.
10:00etan hasiko da erakusketa monografikoa, erregistro berriekin. Albaitariak inoiz parte hartu ez duten txakurrak aztertzen hasiko dira. Horretan parte hartzen duten txakurrek proba bat pasatu beharko dute, eta eginez gero, benetako artzain txakurra dela ziurtatzen duen agiria jasoko du jabeak.
Ostean, ardiekin gaitasun proba egin beharko dute Izpiluetan, txapelketara aurkezten diren artzain txakurrek.
12:00etan jarriko dute ikurrina, edertasun probagaz hasi aurretik. Irrintzi Alai dantza taldekoek agurra ere dantzatuko dute. Ondoren, 12:15ean, edertasun proba hasiko dute. Dagoeneko arrazaren erregistroa duten txakurrak aurkez daitezke horretara. Edertasun txapelketan Gorbeia eta Iletsua arrazak bereizten dituzte urtero, eta ar ederrenek eta eme ederrenek jasotzen dituzte sariak. Guztiak aztertu ondoren, 13:30ean egingo dute sari banaketa ekitaldia.