Artesturak lehiaketa antolatu du Emakumeen Etxeen Sareak
Artesturak izeneko lehiaketa antolatu du Ondarroako Etxelila bere baitan duen Emakumeen Etxeen Sareak.Emakumeen sormena eta produkzio artistikoa bultzatzea, ikusgarri egitea eta haien lanak aintzat hartzea du helburu Artestura Feministak lehiaketak; be...
Emakumeen sormena eta produkzio artistikoa bultzatzea, ikusgarri egitea eta haien lanak aintzat hartzea du helburu Artestura Feministak lehiaketak; beti ere ikuspuntu feminista batetik egindako lanak. Emakumeen Etxeen Sareak antolatu du lehiaketa, eta sare horretako kide da Ondarroako Etxelila.
Lehiaketan jasotzen dituzten lan guztiekin Emakumeen Etxeen Sarean dauden herri guztietatik igaroko den erakusketa ibiltari bat egingo dute. Ondarroako Etxelilan, adibidez, ondarrutarrek egindako lanak jarriko dituzte ikusgai.
400 euroko zortzi sari banatuko dituzte, eta 200 euroko beste zortzi aipamen berezi emango dira. Herri bakoitzak sari eta aipamen berezi bana banatuko ditu, baina epaimahai bat izango da sarituak aukeratuko dituena.
Ondarroako Udalak jakitera eman duenez, garrantzitsua da emakumeen sorkuntza lanak ezagutzera ematea. Bisit Beiro Berdintasun zinegotziaren esanetan, badakite emakume asko dabiltzala mundu horretan sartuta, baina haien lana ez da inon ikusten, «ikusezin dago». Artestura bezalako lehiaketak bultzatzearen garrantzia ere nabarmendu nahi izan du Beirok, «egoera horri buelta eman ahal izateko».
Emakumeen Etxeen Sareak azaldutakoaren arabera, 2016an lehen proiektu bateratua egin zuten: Testurak izeneko bertso saioa, sareko kide diren udalerri guztietan programatu zena. Eta aurten, lehiaketa horren ondorioa egingo dute, aipaturiko Artestura feministak erakusketa ibiltaria.