Jai Alai World Tourrek antolatutako lehen Master Seriesaren final handia jokatuko da domekan [uztailak 16], 18:00etan, Markina-Xemeingo Pilotaren Unibertsitatean.
Beaskoetxea eta Etxeba alde batetik eta
Aimar eta Ibon Aldazabal anaiak, bestetik, aterako dira kantxara garaipenaren bila. Finalaurrekoetan Diegok eta Etxebak bi eta huts irabazi zieten Barandika eta Amigorenari; berriatuarrek, berriz, Arbe eta Ekhi utzi zituzten kanpoan.
Beaskoetxea Markina-Xemeingo frontoian. Argazkia: Jai Alai News
Giro polita egon zen finalaurrekoetan harmailetan, eta giro on hori izatea espero dute antolatzaileek Karmen Egunean ere. Izan ere, ohitura da Markina-Xemeinen Karmen Egunean zesta-punta partidak egotea, eta herriko zaleek gogoz hartzen dituzte.
Karmen Egunean beste partida bat ere jokatuko da, txapelketatik kanpo:
Erkiaga-Irastorza eta
Goikoetxea-Lekerika bikoteen artekoa. Ispasterkoa, bere ume eta gaztaroa igaro dituen herrian ikusteko gogo handia dago, bai eta
Iñaki Osa Goikoetxea puntista zumaiarra ere. Zumaiakoak aurten ez du Jai Alai Pro Tour txapelketa jokatuko, Iparraldeko txapelketak jokatuko ditu, hala ere, ez du Markina-Xemeingo funtzioa galduko.
Erik Irastorzaren jokoagaz gozatzeko aukera ere egongo da Pilotaren Unibertsitatean.
Karmen jaietako finalak. Profesionalez gain, Markina-Xemeingo Zesta-Punta Eskolako puntistak jokatzen aritu diren Karmen Jaietako Txapelketako benjamin eta txikien mailetako finalak ere jokatuko dira
astelehenean [uztailak 17],
12:00etan.
Benjamin mailan,
Julen eta Jokin, eta
Erika eta Denis ailegatu dira finalera. Txikien mailan, berriz,
Osoitz-Atain eta
Iñigo-Aner bikoteen arteko partida ikusi ahalko da.
Denetara, benjamin mailako 7 bikotek eta txikien mailako 5 bikotek parte hartu dute txapelketan.