Aurten
40. urteurrena ospatzen ari den Markina-Xemeingo Beti Jai Jubilatuen Elkarteko presidente Jose Alberdi «gogotsu» dago Karmen jaiei begira. Elkarteak mus eta briska txapelketak antolatzen ditu jaien egitarauaren baitan, eta azken egunotan horiek prestatzeko lanetan ibili ostean, jaien zain daude.
Nahi duten horiek guztiek parte hartzeko aukera izango dute, eta Markina-Xemeingo frontoian jokatuko dituzte
briska eta mus txapelketak; izen-ematea doakoa izango da. Txapelketa biak kontuan hartuta, iaz 86 bikotek parte hartu zuten, eta aurten, beste horrenbeste espero dituzte. Txapeldunek txapela eta gazta jasoko dituzte, eta bigarrenek oroigarria.
Beti Jai jubilatuen elkartekoak jokoan.
Jaien baitan, jubilatuentzako bazkaria ere antolatzen dute urtero. Karmen aurreko domekan batzen dira, eta, hortaz, joan den domekan egin zuten. Bauskainen batu ziren bazkaltzeko 149 lagun. Giro oso ona sortu zela dio Alberdik, eta «gustura» bazkaldu zutela. «Jubilatuek 10 euro ordaintzen dituzte, eta gainontzekoa Markina-Xemeingo Udalak jartzen du», dio Alberdik.
Jaiak alde batera utzita, urtean hainbat jarduera ere antolatzen dituzte: ikastaroak, irteerak, topaketak…
Maiatzean irteera kulturala egiten dute; aurten, bost eguneko egonaldia egin dute Galizian. Tute eta briska txapelketak ere antolatzen dituzte hilabete horretan. Urtero, gainera, 85 urte egiten dituzten herritarrei
omenaldia egiten die maiatzean. Hamabost lagun omendu dituzte aurten. Familia bakoitzeko hiru lagun gonbidatu, eta, egun horretan, meza entzuteko batzen dira. Ondoren, ohorezko aurreskua dantzatzen diete, eta, amaitzeko, luntxa izaten dute. Aurten, gainera, antzerki ikastarokoek elkartearen 40 urteko ibilbidea antzeztu zuten. «Oso polita izan zen» .
Irteerak udazkenerako. Irailean ere irteera kulturala egiten dute; «oraintsu hasi gara hori prestatzen», dio Alberdik, eta aurten Errioxara joango direla aurreratu du. Irailean ere, Ziortza Bolibar, Berriatua, Etxebarria eta Markina Xemeingo jubilatuen topaketa egiten dute.
Jose Alberdi: “Normalean, antolatzen ditugun gauzetan, jubilatuek gutxieneko zati bat ordaintzen dute, eta bestea, Beti Jaik jartzen du batzuetan, eta beste batzuetan udalak”
Urrian, beste alde batetik, hamabost eguneko irteera egiten dute.
Benidormera (Herrialde Katalanak) joaten dira, eta aurten, irailaren 30etik urriaren 14ra joango dira.
Azaroan, berriz,
Gabonetarako otzararen zozketa prestatzen hasten dira: «Dirua berehala xahutzen da, eta hortik diru apur bat batzen dugu. Normalean, antolatzen ditugun gauzetan, jubilatuek gutxieneko zati bat ordaintzen dute, eta bestea, Beti Jaik jartzen du batzuetan, eta beste batzuetan udalak».
Diru laguntza bat ere jasotzen dute. Dioenez, hirugarren adinekoei zuzendutako ikastaroak antolatzeagatik ematen dute laguntzarik handiena. Hortaz, Beti Jai Jubilatuen Elkarteak informatika, gimnasia, memoria, antzerkia, yoga… ikastaroak antolatzen ditu. Horietara jendea animatzen bada ere, emakumeak gizonak baino nahikoa gehiago izaten direla esan du.
499 bazkide ditu Beti Jai Jubilatuen Elkarteak, «eta egunez egun goraka» doaz. Bazkide izateak abantailak ematen dituela gogorarazi du Alberdik, «ileapaindegia edota podologoa, esaterako, merkeagoak dira». Elkarteak 40 urte daramatza lanean, eta «gogotsu» jarraituko dutela dio Alberdik. Ekimenak antolatzeko taldeetan lan egiten dute, eta denak «oso beharginak» direla aipatu du.
HONEKIN LOTUTA: Markina-Xemeingo Karmen jaiak 2017 egitaraua