Zinema da Ondarroako Kuadrilla Eguna ospatzeko aukeratu duten gaia
Kuadrilla Eguneko lan taldeak mozorrotu eta jaian parte hartzeko gonbidapena egin die herritarrei. Gaur 18:00etan egingo da Andra Mari jaietako egitaraua ixteko azkenengo jai batzordeaAho batez aukeratu zuten astelehen iluntzean Kuadrilla Egunerako gai...
Kuadrilla Eguneko lan taldeak mozorrotu eta jaian parte hartzeko gonbidapena egin die herritarrei. Gaur 18:00etan egingo da Andra Mari jaietako egitaraua ixteko azkenengo jai batzordea
Aho batez aukeratu zuten astelehen iluntzean Kuadrilla Egunerako gaia: zinema. Iaz itsasoa izan zen gaia, eta orain dela bi urte berriz, zoologikoa. Antolatzaileek adierazi dutenez, urtero mahai gainean egoten zen gaia zen zinema, eta aurten aukeratzea erabaki dute.Ondarroako Udalagaz, jai batzordeagaz eta Kafeatze pasealekuko txosnekin batera, egun osoko egitaraua antolatu du Kuadrilla Eguneko lan taldeak abuztuaren 16rako. Urtero modura, kalejira eta elektrotxaranga, bazkaria, Txirrimorraskikoekin jolasak eta erromeria egingo direla nabarmendu dute lan taldeko kideek. Bazkaritarako txartelak ere laster jarriko dituztela salgai adierazi dute.
Herriko kuadrilla guztiei deia egin diete euren egunari kolorea eta bizitasuna eman diezaioten, eta horregatik zinemagaz zerikusia daukan edozein mozorro jantzi eta jaian parte hartzeko deia egin diete.
Kartel aukeraketa
Beste alde batetik, Ondarroako Udalak jakitera eman duenez, gaur 18:00etan Andra Mari jaiak antolatzeko azken jai batzordea egingo da udaletxeko bigarren solairuko batzar gelan. Kultur eta kirol taldeei bertara joateko deia egin diete, batzar horretan itxiko baita jaietako egitaraua. Kartel irabazlea ere bilera horretan aukeratuko dutela aurreratu dute.