Alarabiri ongietorria emateko gogoz
Egunak aurretik jai giroaz zipristintzen hasita badaude ere, gaur arratsaldean Alarabiren etorreragaz murgilduko dira guztiz jaietan markina-xemeindarrak. Lau egun izango dituzte karmenekin gozatzeko.Karmenetako jantziak astintzen ibiliko zen markina-x...
Egunak aurretik jai giroaz zipristintzen hasita badaude ere, gaur arratsaldean Alarabiren etorreragaz murgilduko dira guztiz jaietan markina-xemeindarrak. Lau egun izango dituzte karmenekin gozatzeko.
Karmenetako jantziak astintzen ibiliko zen markina-xemeindar bat baino gehiago aste honetan. Urtebete egin dute arropek armairuko tiraderan gordeta, eta ateratzeko garaia heldu da. Hemen dira jaiak, eta jantzi koloretsuak merezi dituzte ospatzeko.Gaur arratsaldean ailegatuko da Alarabi ere herrira, urtero legez jaiak herritarrekin ospatzeko. Jai Batzordeak eta Txosnek prestatutako egitarauak bete-beteta datoz aurten ere, zer aukeratu badago. Hala, bakoitzak jakingo du non gozatu; musika, dantza, bertso, ikuskizun eta kirol probarik ez da faltako.
Joan den asteburuan hasi zen giroa berotzen, eta txinpartak aurreikusten dira honetarako.
Ibarra, txupinero
Aurtengo jaiei hasiera emateko, Berrizen jaio zen, baina Markina-Xemeinen urte askoan bizi den Serafin Ibarra Luzar aterako da gaur udaletxeko balkoira txupina botatzera. Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldearen sortzaile eta bultzatzaileari egin duen lana eskertu nahi diote herritarrek, merezi duen ohorezko aukera hori emanez.
Urtero bezala, hitzordu garrantzitsua izango da bai eta ere, markina-xemeindarrentzat, biharko herri bazkaria. Zozketa bidez banatu dituzte paellak egiteko eta jateko tokiak, eta azaldu dutenez, talde bakoitzari jateko egokitu zaion tokiaren arabera banatu dira sukaldatzeko lekuak, gertutasuna kontuan izanda.
Herrian zehar dauden informazio paneletan jarri ditu udalak mahai egituraketaren plano biak, eta bihar bertan Zelaiaren inguruan ere jarrita egongo dira, antolaketa errazteko.
Beti bezala, mahaien muntaia 09:00etan hasiko da, eta kuadrilla bakoitzeko ordezkari bat agertzea eskatu dute. Bestalde, herri bazkarirako izena eman duen pertsona bakoitzak bera platera, sardexka, labana, koilara, koilaratxoa eta mahai-zapia izango ditu. Bazkaria amaitzerakoan, agertoki aurrean jarriko duten gunera itzuli beharko dira denak.
Barrakak udaletxe ostean
Jaietako aldaketa nabarmenena aurten barrakena izan da. Markina-Xemeingo Udalak eta Jai Batzordeak udaletxe osteko aparkalekua barraketarako egokitu dute aurtengo Karmen jaietarako. Hainbat arrazoi egon dira lekualdaketarako, eta horietako bat barraken eskaintzari lotutakoa izan da. Udalak azaldu duenez, 8-16 urte bitarteko gazteentzat auto-txokeak zeuden bakarrik. Hala, adin tarte horretako gaztetxoentzat eskaintza indartu nahi izan dute, bestelako barrakak herrira ekarriz; baina horretarako, Zelai ingurua txiki geratu dela diote. «Kokaleku berria espazio zabalagoa denez, urtero herrira etortzen diren barrakez gain, beste era batekoek ere edukiko dute lekua, eta era horretara ume eta gazteen aisialdi eskaintza handiagoa izango da».
Gainera, espazio berrian, segurtasuna ere areagotuko dela ikusten dute, Zelaian ez bezala. «Ez da inguruan errepide nagusirik eta zirkulaziorik egongo. Barraken espazioa oinezkoen gunea izango da jaiek iraun bitartean».
Jai esparrua dibertsifikatzeak bestelako abantailak ere ekarriko dituela uste du udalak. «Batetik, Zelai ingurua jaiekin lotutako bestelako ekintzak egiteko erabili ahal izango da, eta bestetik, zarata eta musika ezberdinekin orain arte egon izan den arazoa ere konponduko da».
Udalak argi utzi du lekualdaketa behin-behinekoa dela, eta proba bat izango dela gune berriak zelan funtzionatzen duen ikusteko. «Jaien balorazioa egitean erabakiko da aurrera begira zein erabaki hartu».