EAJk turismora bideratutako herri eredua salatu du Lekeitioko Ernaik
Herria kanpotarrentzat eta kanporako diseinatuta dagoela diote, eta ondorioz, gazteek prekarietatea sufritzen dutela. Manifestazioa egingo dute abuztuaren 30eanLekeitio herri arrantzale eta euskaraz bizi den herri izatetik, gutxika-gutxika turismora bi...
Herria kanpotarrentzat eta kanporako diseinatuta dagoela diote, eta ondorioz, gazteek prekarietatea sufritzen dutela. Manifestazioa egingo dute abuztuaren 30ean
Lekeitio herri arrantzale eta euskaraz bizi den herri izatetik, gutxika-gutxika turismora bideratutako herri bihurtu dela dio Lekeitioko Ernaik. Ederra izateak postal bat bilakatu duela diote, «edozein lekuko turistak erakarriz». Gainera, neguaren eta udaren arteko aldea gero eta nabarmenagoa da Ernaiko gazteen ustez: «Herria kanpotarrentzat eta kanpora begira diseinatuta dago».Postal horren atzean Lekeitioko gazteak daudela salatu dute. «Hau guztia mantendu ahal zateko lan egiten dugunak». Izan ere, urte guztia ikasten edo lanean egon ostean, gazte asko direla azaldu dute uda osoa taberna eta dendetan lan egiten dutenak. «Bere garaian Cazalis eta konpainiak diseinatutako herri turistikoaren ondorio zuzena da gaur egungo Lekeitio: lana bakarrik hirugarren sektorean eta udan, lan baldintza eskasetan, kontratu barik, ordutegi ezegonkorrekin eta inongo erregulazio barik».
Etxebizitzen arazoa ere agerikoa dela esan dute Ernaikoek. Izatez eskubide dena espekulaziorako ondasuna bihurtu dela azpimarratu dute. «Alokairuak garestiak dira, eta etxebizitza bat erosteko ametsa gurasoen etxean bizi dugu ia-ia 30 urtera arte ezin emantzipatuta».
Lekeitioko etxebizitzen %40 hutsik egonda ere, EAJ eraikuntza enpresa ezberdinekin etxe gehiago eraikitzen ari dela kritikatu dute gazteek. «Adibiderik esanguratsuena Kabanakoa da; lana zegoen lekuan etxe gehiago eraiki dituzte».
Bestalde, herri mugimenduaren kontra dagoen zentsura kanpaina ikaragarria dela azpimarratu dute. «Potxuak Martxanek egindako hormairudiaren ezabaketak oihartzun handia eduki zuen, ordutik, ordea, kalean ipinitako propaganda desberdinek ez dute egun bat ere egiten kalean. Horrek ere arrazoi paisajistikoak ditu, ala akaso politikoa?».
Gogaituta
Euskararen erabileran egon den beherakada, neguan sentitzen den iluntasun eta isiltasuna, tabernen ordutegi mugatuak eta jarritako isunak… arazoen zerrenda asko luzatu daiteke Ernaikoen ustez, eta gogaituta daudela azpimarratu dute. «Bizirik dagoen herri bat nahi dugu eta EAJk herri honentzat dituen plan zoragarriak gelditzeko asmo betea daukagu».
Horrela, Lekittoko Ernai gazte antolakundeak EAJren «Koldokraziaren» kontra ekimen bat burutu du. «EAJ Koldokrazia da, eta Koldokrazia da prekarizaziora kondenatzen gaituena. Koldokrazia da Madrilen Rajoygaz aurrekontuak sinatzen dituena eta Koldokrazia da gutxi batzuen mesedetan diseinatutako kapitalismo basatia».
Horrez gain, manifestazioa ere antolatu dute abuztuaren 30erako. Manifestazio horretan parte hartzera deitu dituzte herriko gazteak, «kaleak hartu eta astintzeko».