Sankristobalak ospatzeko Oiz mendian elkartzen dira munitibartarrak zein inguruko bizilagunak. San Kristobal egunaren hurrengo domeka hitzordu berezia da bertakoentzat, eta familia giroan eguna pasatzeko plan ederra izaten dute bertan.
Uztailaren 10ean [astelehena], San Kristobal egunean ere meza egoten da ermitan, eta ahal duten herritarrak, ohiturati eutsiz, bertara igotzen dira.
Oizeko San Kristobal ermitaren inguruko jaia noiz hasi ziren ospatzen zehatz ez dakite, baina 36ko gerra aurretik ere San Kristobal egunez bertan batzen zirela badakite.
Hala,
Gipuzkoako Foru Aldundiaren artxiboan sankristobaletako erromeriaren hainbat argazki daude; batzuek ez dute datarik baina badira 1934ko bi argazki.
Gure Gipuzkoa argazki zaharrak bilatzeko webgunean sankristobaletako hainbat argazki zahar daude.
Argazkia: Gure Gipuzkoa / Indalecio Ojanguren.
Hamarkadaz hamarkada tradizioari eutsi diete munitibartarrek. Herritarrek herritarrentzat antolatzen dute jaia da, eta gaur egun Txopitturri Guraso Elkarteak prestatzen du. “Frankismo garaian, 60ko hamarkadatik aurrera urte batzuetan ez zen jairik egon, gure elkarteak 1995. urtean hartu zuen jaia antolatzearen ardura”.
Aurretik, 80ko hamarkadan Gerrikaitzeko Kantokoa txokoko bazkideek berreskuratu zuten jaia. “Mutil zaharrak deitzen zieten, eta haiek hasi ziren berriro ere jaia antolatzen”. Horiek 90ko hamarkadara arte aritu ziren zeregin horretan.
Garai batean “autoritateak” gonbidatzen zituzten, eta horiek leku pribilegiatua izaten zuten: alkatea, abadea, guardia zibilak…
Guraso elkarteak San Kristobal egunaren hurrengo domekan antolatzen du jaia. Meza entzun, eta erromerian batzen dira herritarrak. Jan-edanik ez da falta izaten eta familian Oiz mendiaren magalean egun pasa egitea izaten da bertako zein inguruko herrietako bizilagun askoren plana. “Herritarrok jatekoagaz igotzeko ohitura dugu, hala ere pintxoak, salta edota kafea ere eskaintzen dira tabernan”.
Musika eta dantza. Aurten ere, aurreko urte gehienetan legez, Esteibar eta Obietaren doinuekin dantzan eta kantuan aritzeko aukera izango dute egun guztian zehar bertaratzen direnek.
Gainera, arratsaldean 600 euroko diru saria zozketatzen dute. Zozketarako txartelak hilabete bat aurretik hasten dira saltzen eta egunean bertan ere erosi daitezke. Euro baten truke, udalerriko tabernetan eskuratu daitezke eta gurasoek ere saltzen dituzte. “96-97tik urtero egin dugu zozketa eta behin bakarrik gertatu zaigu sariduna ez agertzea”. 2015ean izan zen hori, baina beste urteetan herriko edo inguruko herritarrak izan dira saridunak.
Eguraldia lagun iaz ere jendetza batu zen San Kristobal ermitaren inguruan. Argazkia: Plugin Estudioa.
Orain dela 20-30 urte jende asko oinez igotzen zen. Baina, gaur egun ia denak ibilgailuetan hurbiltzen dira.
Etekinak herriarentzat. Egun horretan lortutako dirua herritarrentzat izaten da. Esate baterako, Kantokoako bazkideek diruagaz haien txokoan herritarrentzat jai bat antolatzen zuten udazkenean, eta horregaz batera, Gerrikaitzeko jaietako ekintzetara ere bideratzen zuten irabazien parte bat.
Gaur egun Txopitturri Guraso Elkartekoek herriko eskolako umeentzat ekintzak antolatzeko erabiltzen dute lortutako dirua: eskolaz kanpoko ekintzak, irteerak, urte guztian zehar eskaintzen duten dantza ikastaroa, uztaileko multikirolak, Olentzero eta txitxiburduntzi, San Juan bezperako txokolatea… “Aurten lehenengoz kantada bat egin dugu ume eta gurasoekin eta kriston arrakasta izan du”.
Era berean, eskolari eta musika eskolari diruaren zati bana ematen diete, eta haiek dituzten beharrizanen arabera erabakitzen dute zertarako erabili. Azaldu dutenez, tabernan eta zozketagaz lortzen dutenagaz urte osoko umeentzako ekintzen %80 finantzatzen dute.
Mendian egiten den jaia denez, eguraldiak baldintzatzen du. “Eguraldi ona edo txarra izan alde handia izaten dugu sarreretan. Denetarik izan dugu; urte onak aprobetxatu egiten ditugu jakinik txarrak etorriko direla. Herri txikiok ez dugu hainbeste baliabiderik eta bizia emateko giroa sortzeko ekintzetara bideratzen dugu dirua”.