Leatarren eguna ospatuko dute Munitibarren
Leatar nortasuna indartu, harremanak sendotu eta ondo pasatzeko eguna da
Bestalde, zapatuan Munitibarko artisauen azoka ipiniko dute plazan: “Pilota partiduak inoiz ez dira egin, eta artisau azoka ere normalean ez da egoten, baina 2004ean hemen egin zen Leatarren egunean ere egon zen artisau azoka”. Hain zuzen, hausnarketa prozesu baten ostean, berrikuntza nagusiak aurreko Leatarren egunean egin zituzten. 2013an Aulestin batu ziren Amoroto, Aulesti, Gizaburuaga, Mendexa eta Munitibarko bizilagunak. Esate baterako, aurretik arratsaldez egiten zuten karrozen erakustaldia, eta orduan eguerdira pasatzea erabaki zuten; txupinazoa ere lehenengoz bota zuten Aulestin ospatutako Leatarren egunean. Gainera, ordurarte ez bezala, herri jokoak egin zituzten, herri kirolen ordez: “Aurretik herrien artean jokatzen ziren, eta orduan herri desberdinetako pertsonez osatutako taldeak egin genituen, eta aurten ere horrela izango da”. Halaber, Aulestikoaren aurretik, domekaz ospatzen zuten Leatarren eguna, orain berriz, zapatuan da. Bestalde, 2013an antolatu zuten lehenengoz Leatarren Eguneko Lema Lehiaketa. “Logo lehiaketa lehen ere beti egiten zen, lemarena bigarrenez egin dugu”. Leatar nortasunari indarra emateko lema aukeratzen dute. Aurten hamazortzi lan jaso dituzte, eta Ane Miren Elorza markina-xemeindarraren Mendi, ibai eta itsaso artean, leatarrok elkarlanean lema aukeratu dute. 70eko hamarkadatik. 1977an Mendexan egin zuten lehenengo Leatarren eguna. Hasiera batean urtero antolatzen zuten, eta gero hiru urterik behin ospatzen hasi ziren. 70eko hamarkadatik asko aldatu da Lea Ibarra, bai eta herritarren bizimodua ere. Alabaina, leatarrek belaunaldiz belaundaldi mantendu dute ospakizuna. Garai hartan, ez zegoen ia industriarik ez eta eskolarik ere, eta herriek zerbitzu gutxi zituzten. Testuinguru horretan, leatar talde bat elkartu, eta pauso garrantzitsua eman zuten: “Antzeko ezaugarri eta arazoak genituen herriak izanik, aldarrikapen batzuen inguruan bat egitea lortu zuten. Horrela, herritarren arteko sarea, harremana sortu zen”. Beraz, elkarlanean, gerora bailararen garapenerako ezinbesteko izan diren mankomunitatea, industriagunea, eskolak etab. sortu zituzten. Horretarako ezinbestekoak izan ziren bailara nortasuna indartzea, elkar ezagutzea eta elkarlana sendotzea. “Leatarren eguna horren harira sortu zuten, urte guztian beharrean egoten ziren denak egun horretan elkartu eta jaia egiteko”. Umetatik bizi dute haien egun handia. Belaunaldi desberdinetako herritarrek elkarrekin ondo pasatuz leatar sentimendua goraipatzeko eguna da. “Gaur egungo belaunaldien artean gero eta gutxiago dago sentimendu hori, galtzen doa. Beharrezkoa da nortasun eta sentimendu hori indartzeko, aldarrikatzeko eta nabarmentzeko eguna edukitzea”. UZTAILAREN 29KO EGITARAUA:- Goiz guztian. Artisau erakusketa.
- 10:00-12:00. Federatu gabeko pilotarien eskuz binakako txapelketaren final aurrekoak eta finalak.
- 12:00. Karrozak.
- Ostean. Txupinazoa.
- Jarraian. Lea Ibarreko dantza taldeen ikuskizuna.
- 14:30. Bazkaria frontoian (tiketak erosteko azken eguna, uztailaren 25a (martitzena).
- -Tiketak erosteko lekuak: Amoroto: Herriko Taberna. Aulesti. Udaletxea eta Ubilla Aterpetxea. Gizaburuaga. Udaletxea eta Herriko Taberna. Mendexa. Gure Kabia taberna. Munitibar. Udaletxea.
- Arratsaldean. Umeentzako puzgarriak, ginkana eta apar festa.
- 18:00. Herri jokoak.
- Ondoren. Aulestiko K-TUM-K batukada taldea giroa alaituz.
- 20:30. Erromeria Ilargi Beltza taldeagaz.
- Tartean. Solte eta bikote dantzen txapelketa.