Mutrikuko Mijoa errekaren kalitate biologikoa "txarra" dela ondorioztatu du URA agentziaren ikerketa batek
Eguzki talde ekologistak adierazi duenaren arabera, “ikerketa honek ez du ez zekiten ezer berririk ondorioztatu”, baina garrantzitsua da Ura agentziaren eskutik datorrelako batetik eta ibaiaren egoera txarra dela esateko adierazle biologikoetan oinarritzen delako bestetik. Gogorarazi dute, “Mijoa, gaur egun, bioaniztasuna itotzen duen estolda hutsa” dela, nahiz eta “Bisoi Europarra Babesteko Plan Bereziaren barruan sartuta dagoen”. Azpimarratu dute, herritarrek ere jasaten dituztela Mijoa errekara egite dituzten isurketen ondorioak, “Saturrarango eta Ondarroako hondartzetan nabariak direlako, eta kiratsak, berriz, San Jeronimoko eta Pikupeko bizilagunek pairatu behar izaten dituztelako”. Txostenak zehazten duenez, “adierazle guztiek” agerian utzi dute “kutsadura organikoak eta amonioak” baldintzatutako egoera dela Mijoakoa.
Eguzkik gogora ekarri nahi izan du Gipuzkoan 2007 eta 2011 bitartean hainbat lan hidrauliko egiteko hitzarmen bat sinatu zutela, baina lan horien %75a finantzatu behar zuen Eusko Jaurlaritzak ez duela dirurik ipini, eta beraz, ezin izan dela aurreikusitakoa burutu.
Etorkizuna. 2016an onartutako Plan Hidrologiko berrian, berriro aurreikusten da Mijoako saneamendu proiektua gauzatzea, 2016 eta 2021 urte bitarteko epean. Horretarako, 3,6 milioi euroko aurrekontua prestatu zuten. Iazko urrian Mutrikuko Udalak onartutako mozio baten bidez, Eusko Jaurlaritzari eskatu zion 2017ko aurrekontuetan “diru kopuru bat sartzeko” eta Mijoako saneamendu lanei “behingoz ekiteko”. Jaurlaritzak, ordea, ez du lanik hasi momentuz.
Eguzki talde ekologistak isurketaren bat ikusten badute salaketa jartzera deitu ditu herritarrak eta erakundeak
Eguzki talde ekologistak gogora ekarri du udan Mijoa errekak “isurketa kutsatzaile latzak pairatu ohi dituela”; Iaz, adibidez, “oso isurketa ikusgarriak” gertatu ziren uztailaren 20an eta 24an. Honen harira, erakunde eta herritarrei dei egiten diete adi egotera ea isurketaren bat gertatzen den, eta isurketaren bat ikusten badute salaketa jartzera.