Badatoz Malen jaiak
Gaur hasi eta martitzeneraino, ez da egongo aspertzerik Mutrikuko kaleetan. Gaur helduko da Mutrikura 'Bizixo' balea, 11:00etan. Danborrada izango da ekintzarik hunkigarrienetakoaJai giroa sumatzen da azken egunotan Mutrikuko kaleetan, Malen jaiak iris...
Gaur hasi eta martitzeneraino, ez da egongo aspertzerik Mutrikuko kaleetan. Gaur helduko da Mutrikura ‘Bizixo’ balea, 11:00etan. Danborrada izango da ekintzarik hunkigarrienetakoa
Jai giroa sumatzen da azken egunotan Mutrikuko kaleetan, Malen jaiak iristear dauden seinale. Tabernetan eta txosnetan ohi baino joan-etorri handiagoa, kamioiak han eta hemen, gazteak hara eta hona euren ekintzei azken ukituak ematen…, baina urte guztiko itxaronaldia Bizixo balearen iritsierarekin amaituko da. Izen bereko jai konpartsak emango die hasiera jaiei, balearen etorreraren ondoren botako duten txupinarekin.Mutrikuko jaiek gazte zein heldu eta txiki zein nagusientzako ekintzak ekarriko dituzte, musikaz, dantzaz eta kirolez betetako egitarauan.
Baina badaude zenbait ekintza mutrikuarren izaeran barru-barruraino sartuta daudenak: danborrada, esaterako. Jaietako ekintza jendetsuena da, bat baino gehiago hunkitzen duena, eta mutrikuar ugari danbor hots beren atzean batzen dituena: «Mutriku herria, Mutriku geuria, Mutriku maitia!…».
Mandazketa elkartea denbora luzez antolatzen aritzen den ekintza da, egun guztian mutrikuarrak zerura begira jarriko dituena, eguraldiak duela bi urte bezalako euri jasarik ekarri ez dezan. Burrunbadaz eta jantzi koloredunez beteko dira herriko kale estuak.
Gazteentzako hitzordu garrantzitsuenetakoak sokamuturra eta zezenekin jokatutako futbito partiduak dira. Horiek ere benetan sustraituta daude Mutrikun, eta herritarrek ez ezik, inguruko herrietatik etorritakoek ere parte hartzen dute; urteroko hitzordua da zezenen aurrean jartzea atsegin dutenentzat. Udalak gogorarazi du 16 urtetik beherakoentzat «guztiz debekatuta» dagoela sokamuturrean parte hartzea, eta udala ez dela parte hartzaileei gerta dakieken ezbeharren erantzule egingo.
Kuadrilla Egunak ere egun guztiko egitaraua ekarriko du. Gaurko egunarekin batera, egun garrantzitsuenetakoa izango dela aitortu dute herriko zenbait gaztek, «Kuadrilla Egunak pisu berezia duelako malenetan».
Kuadrilla Egunean eta Malen egunean, gainera, Indarkeria Sexistarik Gabeko Gunea egongo da, Beheko Plazan, 20:00etatik 00:00etara bitartean. Era horretan, indarkeria sexistarik gabeko eta berdintasunean oinarritutako jaien aldeko apustua egingo du udalak aurten ere.
Mutrikuk daukan ondare musikalak ere bere lekua edukiko du jaietan. Bihar, Malen eguna dela eta, musika bandak hartuko du goiza. Urte guztiko lanak herritarren aurrean erakusteko aukera edukiko dute bandako kideek, Goiko Plazan. Udako kontzertua eskaini zuten ekainean, baina musikarien esanetan, «kontzertu berezia da malenetakoa».
Anaiarte Abesbatzak, beste alde batetik, Santixo egunean izango du hitzordua, 23:00etan, Goiko Plazan.
Ageriko margo lehiaketa
Hilaren 25ean baita ere, 37. Ageriko Margo Lehiaketa izango da Mutrikuko Arte Eskolaren eskutik. Parte hartzaileek herriaren adierazgarri diren margolanak aurkeztu beharko dituzte. Irabazleak 700 euroko saria eramango du; bigarrenak 400 eurokoa eta hirugarrenak 200 eurokoa. Haurren mailan, 15 urtera artekoetan, 60 euroko sari bakar bat egongo da, margotzeko materialean gastatzeko.
Eta jaiei amaiera emateko, Bizixo Jai Konpartsak antolatuta, kalejira egingo da porturaino iluntzean. Jaietako pertsonaiari agur esateko momentua izango da hori, malenak agurtzekoa.