EH Bilduk aurkeztutako idatziei erantzun die udal gobernuak
Uztailaren 5ean idatzi bi aurkeztu zituen koalizioak, Lekeitioko udaletxean. Kultur etxeak uztaileko arratsaldeetan erabiltzaile gutxi dituela azaldu duteLekeitioko Udal Gobernuak uztaileko arratsaldeetan kultur etxea itxita egotearen arrazoiak eta uda...
Uztailaren 5ean idatzi bi aurkeztu zituen koalizioak, Lekeitioko udaletxean. Kultur etxeak uztaileko arratsaldeetan erabiltzaile gutxi dituela azaldu dute
Lekeitioko Udal Gobernuak uztaileko arratsaldeetan kultur etxea itxita egotearen arrazoiak eta udal gobernuak burututako lan ezberdinei buruz zituzten zalantza guztiak argitu dizkio Lekeitioko EH Bilduri. Koalizioak idatzi bi aurkeztu zituzten udaletxean, gauzak argitzeko eskaria eginez. Edozein momentutan daturen bat kontsultatu nahi izanez gero, udaleko arlo ezberdinetara jo dezaketela ere gogora ekarri diete.Joan den urteko uztailean eta abuztuan kultur etxeko erabilpena neurtu zutela jakitera eman du Lekeitioko Udalak, eta neurketa horren emaitzen arabera, uztaileko erabilpena abuztukoa baino txikiagoa zela ikusi zuten. «Horrela, eta langileen urteko egutegia egiterakoan, aldaketa eta hobekuntza batzuk egitea proposatu eta erabaki zen». Beraz, liburutegia azterketa garaian itxi beharrean, uztailean arratsaldez zarratzea erabaki dute.
Bestalde, 2017ko urte hasieran eta urteetako eskaerari irtenbidea eman nahian, udalak Lekeitioko rock taldeekin hitzarmen bat sinatu zuen, eta kultur etxea itxita dagoenean ere, Lekeitioko taldeek rock gela erabili ahal dute autogestioaren bidez.
Uztailean batzar gelen erabiltzaileak oso gutxi direla gaineratu dute. «Gehienak udal batzordeak dira, eta kultur etxean mantentzen dira. Gainontzekoak jubilatuen egoitzak dituen geletara bideratzen dira». Azkue aretoa, berriz, erabiltzaileen ardurapean erabil daitekeela azaldu dute, eta Gababus zerbitzuaren txartelen salmenta goizera pasatu dute.
Baldintza egokietan
2017ko aurrekontuak proposatzerakoan zenbait irizpide izan zituztela kontuan ere gogora ekarri dute Lekeitioko Udaleko arduradunek: 2016ko aurrekontua mantentzeko apustua; hauteskunde kanpainan hartutako konpromisoak betetzea, horretarako beharrezkoak ziren ekintza, programa eta zerbitzuak aurrera eramanez; eta udal eraikinak baldintza egokietan ipintzen jarraitzea. «Egoera kaxkarrean eta kasu batzuetan egoera larrian aurkitu ditugu, aurreko agintaldiko urteetako mantenimendu faltagatik».
Herri lanen arloan, herria irisgarriagoa egitea, arazoak sortzen dituzten guneei irtenbidea ematea eta kaleen mantentze eta hobekuntza lanak burutzea dituztela helburu ere gaineratu dute.
Herriko baranden pintaketari buruz egindako galderari erantzunez, beste hobekuntza batzuen artean Agirre Soarte, Kasimiro Etxebarria eta La Merced kaleetako baranda, paper ontzi, kaleargi eta eserlekuen margoketak egin dituztela azaldu du udalak, auzokideen eskariari erantzunez. «Aurreko agintaldian Aldamiz-Etxebarria eta beste hainbat auzotan ez zen inolako esku hartzerik egin eta mantentze lanak beharrezkoak ziren». Elizapeko burdinak, berriz, elizarenak izanik, udalak ez dituela margotu argitu dute.
Bestalde, sanpedroak direla eta, urtero Sanpedropeko pintaketak kentzen direla eta lan hori udal langileek egin dutela azaldu dute. «Aurten bost egunetan agertu da herria pintaketaz beteta, eta horiek kentzeko kostua 8.946,58 eurokoa izan da».
Plaza inguruko kaleargietako loreak garbitasun enpresak jartzen dituela ere jakitera eman du udalak, eta aurten, kaleargietako loreez gain, udaletxeko goiko balkoian ere jarri dituzte. Lore horiek jartzeak udalari ez diola ezelako kosturik suposatu argitu dute. «Mantenua udaleko kale lantaldeak egiten du».
Horma-irudia
Portua oinezkoentzako eskuratzea herritarren urteetako eskaera izan dela ere nabarmendu du udalak, eta 2016 urtean egindako Pasaia Planaren parte hartze prozesuan agertzen dela esan dute. Herritarrek aparkatzeko lehentasuna daukaten guneen ekimena, berriz, hauteskunde kanpainan hartutako konpromisoa dela gogora ekarri dute. Hiru gune markatu dituzte, eta inbertsioa 18.454,37 eurokoa izan da.
Udalak esan duenez, eskolapeko kioskoa, ostera, udal beharginek aldatu dute lekuz. «Kamioi bat kontratatu zen beste lan batzuk egiteko, eta hori aprobetxatuta udal langileek kioskoa lekuz aldatu zuten». Bestalde, moilako edukiontziari behin-betiko irtenbide bat eman bitartean egurrezko itxiera bat jartzea erabaki dutela esan dute. 5.124,35 eurokoa izan da kostua.
2016ko neguko ekaitzak eragindako ondorioei irtenbidea emateko, San Juan Talako ingurua konpondu du udalak, eta itoginak ere kendu ditu. Bide batez, Ekaitzeko horma-irudia ere konpondu dute. «Kirol esparruan oraindik emakume eta gizonen arteko berdintasuna falta denez, emakumeak ere kirol munduan dabiltzala isalatu eta haien lana ikustarazteko helburuagaz egin da horma-irudia». 4.598 euroko kostua izan du.
Udaletxeko lehen solairuko balkoia ere konpondu dute. Azaldu dutenez, 2017ko urtarrilean udaltzainek txosten bat egin zuten balkoiaren egoeraren berri emanez. «Udaleko hirigintzako bulego teknikoak udaltzainen txostena baieztatu eta balkoiaren egoera larria zela adierazi zuen». Ondorioz, «herritarren segurtasuna bermatzeko» balkoia konpontzea erabaki zuten.
Kontratatu dituzten langileei dagokienez, 2016 urtean mugikortasun eta hiritartasun laguntzaile lan-poltsa bat eratu zutela jakitera eman du udalak. «Aldi baterako premiak estaltzeko, gehien bat uda sasoian». Bi pertsona kontratatu zituzten iaz, eta aurten, lau pertsona kontratatu dituzte ekainaren 26tik irailaren 10era. Horrez gain, udaberrian, Lekeitioko Udaleko kaleko lantaldearen lan karga handia zela iritzita, herriko loregintza enpresa bat kontratatu zuten belarra mozteko. Azken horren kostua 7.118 eurokoa izan dela eman du jakitera udalak.